UEMAk eta Oinherrik aisialdiko hezitzaileentzako tailer bateratua sortu dute udaberri honetan, lehen aldiz, eta herriz herri eskaini dute udaren atarian, bateko eta besteko udalekuak hasi aurretik. Guztira, udalerri euskaldunetan 40 saio eman dituzte UEMAko teknikariek eta Oinherriko kideek, eta horietan guztietan 644 hezitzailek, begiralek eta aisialdiko taldeen koordinatzailek hartu dute parte. Besteak beste, udalekuetan eta aisialdiko ekimenetan haur eta gazteekin euskaraz aritzeko hizkuntza irizpideak landu dituzte.

Bi aldeek hainbat balore partekatzen dituztela ohartuta, balore horiek sustatzeko asmoz sortu zuten tailerra udaberrian UEMAk eta Oinherrik, aisialdiko hezitzaileek hainbat gairen inguruko formazio zehatza izan dezaten. UEMAko kide diren 94 herrietako asko, gainera, Oinherri herri hezitzaileen sareko partaide dira. Horregatik, hezkuntza ez formalak, eta bereziki aisialdiak, jendartearen ohituretan duen garrantzia ezagututa, “haurtzaroaren kulturaren, partehartzearen eta euskararen balioak eremu ez formalean sustatzeko” baliabideak eskaini nahi izan dizkiete tailerrean parte hartu duten hezitzaileei.
Aisialdia, gazteen hizkuntza ohituren giltzarri
Badira zenbait urte UEMAk, hezkuntza ez formalean hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu nahian udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatzen dituela. Aurten ere 100 lagunek hartu dute parte. Topaketen oinarria gazteen artean hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzea eta gazteak kontzientziatzea denez, aisialdiko begiraleei ere soziolinguistika edukien eta beste zenbait gai zehatzen inguruko formazioa eskaintzea ezinbestekoa iruditu zitzaion UEMAri, eta azken urteotan gai horiek landu ditu Salto! topaketetan begirale izan direnekin.
Oinherrik ere aisialdiko hezitzaileentzako tailerra ematen duela ohartuta, eta hainbat balore bi aldeek lantzen dituztela ikusita, bat egitea erabaki zuten udaberri honetan UEMAk eta Oinherrik. “Guk aisialdi euskaldun, partehartzaile, anitz, parekide, ingurumenaren zaintzaile eta herrikoian sinesten dugu eta tailer honekin hori sustatu nahiko genuke” adierazi zuten udalei bidalitako gutunean, udalek aisialdiko elkarteetako hezitzaileak eta koordinatzaileak tailerra jasotzera gonbida zitzaten.
Udalen erantzuna ederra izan da, eta horien eskaerari erantzunez maiatzean eta ekainean dozenaka saio eman dituzte udalerri euskaldunetan UEMAk eta Oinherrik. Saio horietan tailer praktikoak jaso dituzte hezitzaileek, hainbat baliabiderekin eta formazio zehatzarekin, udalekuetan eta aisialdiko ekimenetan partehartzea eta euskararen erabilera sustatu dezaten.
Saioak eta parte-hartzaileak, herriz herri
Zehazki, honako saio hauek eman dituzte UEMAko teknikariek eta Oinherriko kideek, udalek eskatuta.
Herria + (saioa jaso duten hezitzaile, begirale edo koordinatzaile kopurua)
· Alegia eta inguruak (9).
· Altzaga, Arama, Ataun eta Itsasondo (32).
· Amasa-Villabona (10).
· Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga eta Munitibar (8).
· Anoeta (6).
· Aramaio (8).
· Arantzazu (5).
· Baztan (7).
· Berastegi + Elduain (8).
· Bermeo (17).
· Bortziriak, Bera (14).
· Busturia (6).
· Deba + Itziar (21).
· Dima (9).
· Ea (6).
· Elgeta (7).
· Ezkio-Itsaso (7).
· Gabiria (3).
· Gatika (5).
· Ibarra (6).
· Idiazabal (15).
· Igorre (12).
· Irura (20).
· Larrabetzu (10).
· Legorreta (16).
· Leitza (6).
· Mallabia (6).
· Mendaro (6).
· Mutriku (36).
· Oiartzun (50).
· Oñati (54).
· Orio (13).
· Orozko (10).
· Otxandio (11).
· Segura (25).
· Usurbil (50).
· Zaldibia (18).
· Zarautz (32).
· Zizurkil (11).
· Zumaia (53).
Hona saio horietako zenbait une, irudietan:
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Aisialdiko hezitzaileentzako tailer bateratua sortu dute UEMAk eta Oinherrik (uema.eus, 2022-04-28).
· Aisialdiko hezitzaileentzako tailer bateratua sortu dugu UEMAk eta Oinherrik (herrihezitzailea.eus, 2022-04-28).