Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri Euskaldunen Eguna izango da maiatzaren 14an Seguran, ‘Euskara aiden!’ lelopean

Udalerri Euskaldunen Eguna izango da maiatzaren 14an Seguran, ‘Euskara aiden!’ lelopean

Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. UEMAko kide diren udalerriek ez ezik, gainerako udalerri euskaldunek ere hartzen dute parte. 2020an zen egitekoa Seguran, baina Covid-19ak eragindako larrialdi egoerak bertan behera utzi zuenez, lau urteko etena izan du. Segurako Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Segurako hainbat talde eta elkarte. Guztien artean egitarau oparoa osatu dute maiatzaren 14rako, eta gaur eguerdian aurkeztu dute, Segurako kultur etxean egindako agerraldian.

[Segurako alkate Izarra Urdalleta, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano, Elorri kultur elkarteko Rafael Gerriko, abestiaren hitzak sortu dituen Jon Iturrioz eta UEMAko koordinatzaile Miren Segurola, gaur eguerdian, Seguran egindako agerraldian].

Udalerri euskaldun guztien bilgune

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak gaurko agerraldian nabarmendu duenez, maiatzaren 14koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena soilik. “Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak.

Askotan nabarmendu dugu, baina maiatzaren 14n, Seguran, festa giroan gogoratuko dugu: udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: herri hauetan euskara airean dago, eta euskara ari du. Euskara aiden”.

Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie segurarrei hasieratik erakutsitako jarreragatik eta eguna aurrera ateratzeko azken hilabeteotan egindako lan guztiagatik: “Hasieratik, Segurako Udalari egun hau elkarlanean antolatzeko eskua luzatu genionetik, ezin hobeto erantzun du herriak, eta bileraz bilera herriko hainbat elkarte eta eragile buru-belarri aritu da. Beraz, Segurako Udalari eta Segurako elkarteei eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko”.

Segurako alkate Izarra Urdalletak nabarmendu duenez, “Segura udalerri euskalduna da, eta harro gaude segurarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz. Horregatik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 14an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diegu euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute”. Bereziki, lanean aritu diren herriko elkarte eta norbanako guztiak nabarmendu ditu, eskerrak emanez. Amaitzeko, maiatzaren 14an Segurara joateko gonbidapena egin du: “Euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete. Egitarau ederra antolatu dugu maiatzaren 14rako eta, beraz, Seguran esku zabalik hartuko zaituztegu”.

Antolakuntza batzordean parte hartu duten Segurako talde eta elkarteen izenean, berriz, Elorri kultur elkarteko eta Hitz edo Irri euskara elkarteko kide den Rafael Gerrikok hartu du hitza, eta datorren maiatzaren 14rako denen artean antolatutako egitaraua aurkeztu du.

Udalerri Euskaldunen Eguna: EGITARAUA
Maiatzak 14, larunbata.
10:00 UEMAren batzar nagusia, frontoian.
10:00 Hitanoari buruzko jardunaldia, kultur etxean.
12:00 Kalejira, Burrunbazale txarangarekin.
13:00 Ekitaldia, plazan.
14:30 Bazkari herrikoia, plazan.
15:30 Puzgarriak.
16:30 Ion Martinezen bakarrizketa, plazan.
18:00 Ikuskizuna, frontoi zaharrean: Eidabe taldearen ‘Futbolariak eta printzesak’. Parekidetasunean eta berdintasunean hazteko eta hezteko antzezlana.
18:00 Toka eta bola txapelketa herrikoia, plazan.
19:00 Erromeria, Bada giro! Taldearekin, plazan.

Bazkari herrikoirako txartelak aldez aurretik eskuratu behar dira, beranduenera maiatzaren 12rako. Seguran, tabernetan, liburutegian eta udaletxean daude eskura. Gainerakoan, UEMAra idatzita ere eskatu daitezke (administrazioa@uema.eus). Segurako Iparra Hegoa elkartea arduratuko da bazkariaz. Glutenik gabeko menua edo begetarianoa ere izango da aukeran. Hemen bazkariari buruzko informazio zehatzagoa, menuarekin eta txartelak eskuratzeko moduarekin.

Ekitaldi instituzionala eta UEMAren batzar nagusia ere izango dira

Euskararen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea izan ohi da Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat, hasieratik. Festa giroko ekitaldiez gain, beraz, izaten da ekitaldi instituzionalik ere.

Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Segurako frontoian, eta eguerdian, berriz, ekitaldi instituzionala izango da herriko plazan.

Batzar nagusian, UEMAren ohiko ildoez eta kontuez aritzeaz gain, 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko azterketaren emaitzak ere ezagutaraziko zaizkie batzarrean parte hartzen duten udalerri euskaldunetako ia ehun alkarte eta zinegotziei. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da ekitaldian.

Festa eta aldarrikapena uztartuz, ondo pasatzeko eguna izan ohi da Udalerri Euskaldunen Eguna, baina lanerako eta hausnarketarako tartea ere izaten da egunean zehar. Goizean, zehazki, hainbat herritako esperientziak eta ekimenak ezagutzeko aukera izango da, hitanoari buruzko jardunaldian. Izan ere, azken urteotan hitanoa biziberritzeko hainbat ekimen abiarazi dira udalerri euskaldunetan. Askotan, gainera, nokaren galera tokarena baino nabarmenagoa dela ikusita, emakumeei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dira, ahalduntzeko bitarteko gisa duen garrantziagatik. Horiek guztiak ezagutzeko eta ekimen berriez hitz egiteko bilgunea izango da jardunaldia.

Aitortza Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteari

Udalerri Euskaldunen Egunean, ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte, herritar edo eragileren baten lana aitortzea. Aurten, UEMAk, Segurako Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek horrela erabakita, Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteak jasoko du omenaldia, maiatzaren 14an eguerdian egingo den ekitaldi instituzionalaren baitan.

Sortu zenetik, euskararen erabilera sustatzeko ehamaika ekimen bideratu izan ditu Hitz edo Irri elkarteak, eta egindako ibilbidea gogoratzeko, eskerrak emateko, eta elkartekide izan direnei dagokien aitortza egiteko modua izango da omenaldia.

Besteak beste, Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioaz arduratzen da Hitz edo Irri. Datorren astean, maiatzaren 11n, zehazki, 500. saioa egingo dute, euskararen berri irrati uhinen bidez zabalduz. Euskara aiden! Udalerri Euskaldunen Egunaren aurtengo leloa ere, hein batean, Segura Irratiari egindako keinua ere bada. Irratian, ohikoa baita ‘airean’ esamoldea zuzenean aritzean.

Abestia eta bideoklipa: ‘Euskara aiden!

Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, ‘Euskara aiden!’ izeneko abestia ere egin dute segurarrek, elkarlanean. David Fernandezek sortu du musika, Jon Iturriozek idatzi ditu hitzak, eta abestian eta bideoklipean segurar askok hartu dute parte, Tobera musika eskolako Iker Gomez de Segura zuzendariaren koordinaziopean. Bideoklipa, berriz, Xabi Aguadoren lana izan da.

Hemen abestia eta bideoklipa:

Honakoek hartu dute parte abestian eta bideoklipean:

· Koordinazioa: Iker Gomez de Segura.
· Musika-ekoizpena eta akordeoia: David Fernandez.
· Musika-ekoizpena, gitarra akustikoa eta gitarra elektrikoa: Edu Anderez.
· Hitzak eta bertsoaren lokuzioa: Jon Iturrioz.
· Ahotsak: Cristina Arias eta Maddi Gerriko.
· Gitarra elektrikoa: Iker Francisco.
· Baxu elektrikoa: Kike Mora eta Sahatsa Izagirre.
· Txistua: Ane Arrieta.
· Biolina: Harry Michael Scott Price.
· Txalaparta: Gorosti Armendariz eta Zador Gaztañaga.
· Bateria eta perkusioa: Txus Gancedo eta Manex Rivela.
· Uilleann pipe eta tin whistle: Anton Davila.
· Zeharkako txirula irlandarra, txirula rekintoa eta bouzokia: Xose Liz.
· Dantzariak: Maitane Berasategi, Maite Mujika, Nerea Beldarrain eta Oihane Montero.
· Haurren ahotsak: Aintzira Zabaleta, Ane Berasategi, Gari Ormazabal, Harri Garcia, Maddi Gezalaga, Maddi Telleria, Maren Iturrioz eta Nora Arraiza.
· Nahasketa eta masterizazioa: Vumeter estudioa. Javeta Lopez Jato.
· Bideokliparen grabazioa eta edizioa: Aitor Bereziartua eta Xabi Aguado.
· Estudioa: Itxura Records

EUSKARA AIDEN!

Hitzak: Jon Iturrioz

Birus bat dabil aske
garaiezina dena
ziztu bizian hedatuz
herri guztian barrena.

Goxatuz birika, eztarri,
prest aho ta belarri.
Sentituz ta erabiliz
kutsa gaitezen elkarri.

[Leloa]
AHOTIK AHORA AIDEN
EUSKARA AI DEK, EUSKARA AI DEN
AHOTIK AHORA AIDEN
ZABALTZEN DA AIDEN

Zatoz!
Ekin bezero merkatari
ekin heldu, gazte, ume jostari.

Hitza hartu, partekatu
guk sentitzen dugun modura
nahi duguna gara Segura
konplexurik gabe mundura.

[Hitzak]
Hitza da gure lurra.
Erein dezagun eta lotu gaitezen lurrari,
arnasguneak zabalduz
emaiogun indarra ta askatasuna euskarari.
Gure esku dago, gure hitzez
bizitza ta nortasuna ematea herriari.

Berdin du fina, narratsa,
zaharra ala berria.
Euskara aiden! sortu ta
saretu dezagun herria!

[Leloa]
AHOTIK AHORA AIDEN
EUSKARA AI DEK, EUSKARA AI DEN
AHOTIK AHORA AIDEN
ZABALTZEN DA AIDEN

Udalerri Euskaldunen Eguna zer den eta Seguran zergatik antolatuko den argituz, berriz, UEMAk, Segurako Udalak eta Hitz edo Irri euskara elkarteak segurako etxe guztietara banatzeko esku-orria ere plazaratu dute, eta egun hauetan zabalduko du postontzietara Segurak Udalak, herritarrek maiatzaren 14ko festaren berri zehatza izan dezaten, eta bideoklipa ikusteko modua eskura izan dezaten. [Hemen esku-orria, PDFan].

————————————————————————————————-

Hainbat urteko ibilbidea du udalerri euskaldunen mugimenduak

Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten inguruan. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.

Onartutakoa bete nahian hastean, ordea, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) eskaini zien hura, horretarako Birreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.

Elkartzen hasi ziren udal haiek, geroago, Udalerri Euskaldunak izenaren baitan hasi ziren antolatzen.

UEMAren sorrera, 1991ko maiatzean

Hurrengo pausoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea eta estatutuak onartzea izan zen. 1991ko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzea erabaki zuten, festa eta aldarrikapena uztartuz, eta UEMA osatu zuten lehen 19 udaletako hautetsiek egun hartan egin zuten bilera eta UEMAren sorrerako batzarra. Estatutuak onartu ondoren, 1992ko apirilean erregistratu zuten mankomunitatea.

Urrats horrekin, hasieran mugimendua zenak izaera juridikoa hartu zuen, eta UEMA udalak biltzen zituen mankomunitatea izanik, erakunde publikoa ere bihurtu zen. Lehenengo 19 udal haiek udalerri txikietakoak ziren, eta ez zuten baliabide handirik, eta UEMA hasi zitzaien udala euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen.

Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.

Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten.


31 urteko ibilbide emankorra

Hasieran dena egiteko aurkitu zuten udalek, eta behar horri erantzun zion UEMAk: inprimakiak, aktak, txostenak, kartelak, errotuluak, irudiak eta abar euskaraz eskainiz. 31 urteko bidean, eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskaraz funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaini izan ditu, beharren arabera.

Hasierako 19 udal horiek 94 dira gaur egun, eta herri txikiak ez ezik tartean dira Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia edo Oñati bezalakoak ere. Guztien artean, 275.000 biztanle inguruko lurgunea osatzen dute UEMAn dauden udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Prentsa oharra (maiatzaren 5eko agerraldiaz).
· Segurako etxe guztietara banatuko den esku-orria, Udalerri Euskaldunen Egunaren berri emanez (PDFa).

Hitanoari buruzko jardunaldia: ‘Hitanoa aiden!
· Kartela, egitarauarekin.
· Euskara elkarteentzako gonbidapena.

Bazkaria:
· Menua, kartela eta txartelak erosteko azalpenak.

Hemeroteka:
· [Bideoa] Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da maiatzaren 14an Seguran [Goierri Irrati Telebista, 2022-05-06].
· Bideoa: UEMAri buruz solasean, Iraitz Lazkano eta Miren Segurolarekin [Goierri Irrati Telebista, 2022-05-12).

· Udalerri euskaldunen topagunea izango da Segura maiatzaren 14an (Goierriko Hitza, 2022-05-06).
· Airean da euskara (Goiberri, 2022-05-06).
· Elkarrizketa Iraitz Lazkanorekin eta Izarra Urdalletarekin, Udalerri Euskaldunen Egunaren inguruan (Naiz Irratia, 2022-05-13).
· Elkarrizketa Iraitz Lazkanorekin, Udalerri Euskaldunen Egunaren inguruan (Segura Irratia, 2022-05-11).
· Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran ospatuko da zapatuan (aramaio.eus, 2022-05-09).
· Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 14an ospatuko da Seguran (Hamaika Telebista, 2022-05-06).
· Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran egingo dute, 14an (Berria, 2022-05-06).
· Euskararen topagune izango da Segura (Gara, 2022-05-06).
· Euskaldunen topaleku (Goierriko Hitza, 2022-05-06).
· ‘Euskara aiden!’ lelopean egingo da hilaren 14an Seguran Udalerri Euskaldunen Eguna (El Diario Vasco, 2022-05-05).
· Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua eta kanta ofiziala aurkeztu ditu UEMAk (naiz.eus, 2022-05-05).
· Maiatzaren 14an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Seguran (berriketan.eus, 2022-05-03).
· Seguran izango da Udalerri Euskaldunen Eguna (gaztezulo.eus, 2022-04-21).
· Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da maiatzaren 14an Seguran (goierri.hitza.eus, 2022-04-11).
· Maiatzaren 14an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Seguran (naiz.eus, 2022-04-11).
· Udalerri Euskaldunen Eguna maiatzaren 14an izango da, Seguran (europapress.es, 2022-04-11).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.