Hasiera » Zehaztu gabe » Gorako Errekurtsoa aurkeztu du UEMAk Nafarroako 2108/2021 ebazpenaren aurka, larrialdiak kudeatzeko oposizio-lehiaketan euskara kontuan hartu ez izanagatik

Gorako Errekurtsoa aurkeztu du UEMAk Nafarroako 2108/2021 ebazpenaren aurka, larrialdiak kudeatzeko oposizio-lehiaketan euskara kontuan hartu ez izanagatik

Irailaren 8an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2108/2021 ebazpenaren aurkako Gorako Errekurtsoa aurkeztu du UEMAk. Ebazpen horretan, 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzako Zentroan hogei operadore laguntzaile lanpostu betetzeko oposizio-lehiaketan euskara ez da batere kontuan hartu, deialdi horretan euskara ez baita ez baldintza eta ez merezimendu.

[50 operadore inguru, 7 areto-buru, 25 mediku koordinatzaile eta Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradun bat aritzen dira 112 SOS Nafarroa Larrialdiak kudeatzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua].

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok sinatutako Gorako Errekurtsoak zehazten duen moduan, euskarari buruzko 18/1986 foru legearen arabera, euskara berezko hizkuntza da Nafarroan, eta eremu euskaldunean hizkuntza ofiziala ere bada. UEMAko kide diren udalerriak, zehazki, eremu euskaldunekoak dira eta hizkuntza ofiziala da horietan euskara. Horrela, zerbitzu publikoei dagokienez 18/1986 legeak administrazio publikoarekiko harremanetan euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen die eremu euskaldunetako herritarrei. Eskubide horiek bermatzeko eta betetzeko neurriak zehazten ditu 103/2017 foru dekretuak ere.

Era berean, Nafarroako Babes Zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko 8/2005 Foru Legearen arabera, “Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan emanen da zerbitzua”.

112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentrorako lan deialdian, ordea, ez da horrelakorik eskatzen eta bermatzen. Izan ere, deialdi berrian 20 operadore laguntzaile postu eskaini dira, eta UEMAk Gorako Errekurtsoan gogoratu duen moduan “postu horietako langileek Nafarroako eremu batzuetako eta besteetako herritarrei emango diete zerbitzu, baita euskara hizkuntza ofiziala den eremuko herritarrei ere, eta haiek aitortua dute administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea”. Gainera, “kontuan hartu behar da eremu euskaldunetik kanpo ere milaka euskal hiztun bizi direla Nafarroan, eta gero eta gehiago direla, gainera”.

Hala ere, lan deialdi horretan euskara ez da ez baldintza eta ez meritu, hizkuntza ofiziala izan arren Nafarroako eremu euskaldunean. Atzerriko beste hizkuntza batzuk, ordea, meritu gisa hartzen dira deialdian. Esaterako, bi puntu emango dituzte ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, hizkuntza horiek Nafarroako eremu bakar batean ere ofizialak ez diren arren.

Horregatik guztiagatik, eta “herritarren zerbitzuko lanpostu publikoetatik euskara baztertzea ez datorrenez bat legeek euskarari ematen dioten izaerarekin eta errealitate soziolinguistikoarekin”, Gorako Errekurtsoa aurkeztu dio UEMAk Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari, dagozkion izapideak egin ditzan lan deialdi horretan euskara jakitea aintzat har dadin.

103/2017 dekretua berritzeko eskaera, horrelakorik gerta ez dadin

Gorako Errekurtsoa aurkeztearekin batera, UEMAk Nafarroako Gobernuari eskaera formala ere helarazi dio 103/2017 dekretua berritzeko, aurrerantzean horrelakorik gerta ez dadin. Izan ere, dekretu horrek arautzen du euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zituen dekretuaren artikulu batzuk. Besteak beste, eremu ez euskaldunetako eta eremu mistoko lanpostuetan eta zerbitzu zentraleko lanpostuetan euskara meritutzat hartzeari buruzkoak.

Dekretuaren artikulu batzuk baliorik gabe utzi zituztenetik bi urte igaro dira, eta Nafarroako Gobernuak dekretua berritu ez duenez, euskara meritutzat ere hartzen ez duten hainbat lanpostu deialdi plazaratu dira ordudanik. Horrek sortzen dituenez 112 SOS Nafarroa Larrialdiak Kudeatzeko Zentrorako lanpostu deialdian gertatu dena bezalako egoerak, UEMAk eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari, Maria Chivite lehendakariari eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari helarazitako gutunen bidez.

Material osagarria:
· 2108/2021 ebazpenaren aurkako Gorako Errekurtsoa (PDFan).
· 103/2017 dekretua berritzeko eskaera. Gutuna Maria Chivita lehendakariari (PDFan).
· 103/2017 dekretua berritzeko eskaera. Gutuna Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari (PDFan).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.