Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide diren herrietan, osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez daki euskaraz; pediatren kasuan, berriz, hirutik bat ez da euskalduna

UEMAko kide diren herrietan, osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez daki euskaraz; pediatren kasuan, berriz, hirutik bat ez da euskalduna

UEMAk agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuetako hizkuntza eskubideei buruzko datuak aurkezteko. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Garikoitz Goikoetxea azterketaren arduradunak aurkeztu dituzte datuak Osasun Batzordean. UEMAk bi urtetik behin egin ohi du behaketa, eta ez du eboluziorik sumatu aurrekotik hona: bost langiletik batek ez daki euskaraz. Pediatren kasua larriagoa da, herenak ez baitira euskaldunak.

[UEMAko ordezkariak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, legebiltzarkideei azterketaren datuak aurkezten. Argazkiak: Eusko Legebiltzarra].

UEMAko kide diren 90 udalerrietako osasun zerbitzu publikoetako datuak behatu, aztertu eta herritarren hizkuntza eskubideak zenbateraino bermatzen diren neurtu du UEMAk, eta egindako lanaren emaitza gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean.

Hasieran, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok mankomunitatearen nondik norakoak, helburuak eta egitekoak azaldu dizkie legebiltzarkideei. Gogoratu du UEMAk beti aldarrikatu duela administrazio publikoek eredugarri izan behar dutela euskararen biziberritze prozesuan: “Horretatik abiatuta, lan egiten dugu gure udalen euskalduntzean, beste administrazioek gurean ematen dituzten zerbitzuen euskalduntzean, eta udalerrietan euskaraz bizitzeko dauden oztopoak gainditzen, herritarren ahalduntzearekin batera”. Gaurko agerraldia, beste administrazioek UEMAko kide diren herrietan ematen dituen zerbitzuen baitan kokatu du, eta horiek hobetzeko Osakidetzarekin azken urteotan elkarlanean egindako bidea ere aipatu du.

Azterketaren ardura izan duen Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariak, berriz, behaketaren irizpideak, metodologia eta emaitzak aurkeztu ditu. Abiapuntua argia da: “Osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea da eta, beraz, erakunde publikoen obligazioa. Eskubide horiek bermatzeko, pauso handiak eman dira azken hamarkadotan, baina egunero urratzen dira eskubideak oraindik”.

Hiru geruzatako zerbitzuak aztergai

Metodologiari dagokionez, aurten UEMAk hedatu egin du analisia, eta hiru geruzatako zerbitzuak aztertu ditu: UEMAko kide diren 90 herrietako 56 osasun etxeak eta larrialdi zerbitzuak, UEMAko herriei arreta ematen dieten osasun zentroak (27) eta UEMAko herriei dagozkien erreferentziazko ospitaleak (11).

Txostenak UEMAko kide diren herri guztien azterketa biltzen duen arren, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian Osakidetzari dagozkion datuak soilik aletu eta aurkeztu dituzte gaur. Nafarroako datuak abenduaren hasieran aurkeztu zituen UEMAk, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, zehazki, osasun etxeetan Osakidetzak 559 lanpostu dauzka UEMAko kide diren 90 herrietan, eta ia guztietan zehaztuta dago hizkuntza eskakizuna betetzeko derrigortasun data: 548 postutan (%98). Eguneroko errealitatea, ordea, bestelakoa da, bost langiletik batek ez baitu lortu dagokion postuari dagokion hizkuntza eskakizuna, eta gaur egun Osakidetzako 106 langile ari dira udalerri euskaldunetan euskara gaitasuna egiaztatu gabe. Zenbait arlotan, ehunekoak aldatu egiten dira. Pediatren kasuan, esaterako, datua makurragoa da, hirutik batek ez baitaki euskaraz.

[UEMAko teknikari eta azterketaren arduradun Garikoitz Goikoetxeak aurkeztu ditu datuak Eusko Legebiltzarrean].

Lehen arretako zentroetan eta ospitaleetan, okerrago

Bigarren eta hirugarren geruzetan egoera okerroagoa da. UEMAko udalerri batzuetan ez dute osasun etxerik, edo horietan ez dituzte oinarrizko zerbitzu denak ematen, eta beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute herritarrek. Horietako zentroetan, lautik bat baino gehiago (%27) dira dagokien euskara gaitasuna egiaztatu gabe ari direnak. Azkenik, oinarrizko osasun arretatik harago udalerri guztiek izendatuta duten erreferentziazko ospitaleetan, berriz, ia langileen erdiak dira euskaraz ez dakitenak (%49). Dena dela, alde handiak daude ospitale batetik bestera. Gipuzkoako ospitaleetan eta Gernikakoan langile gehienek dute egiaztatuta eskakizuna, baina ez Arabako ospitalean eta Bizkaiko gainerakoetan.

Ondorioak: eboluzio argirik ez, eta katea begiz begi josteko beharra

Behaketan jasotako datuak aletu ondoren, azterketaren giltzarri nagusiak eta UEMAren gogoetak ere aurkeztu ditu Goikoetxeak. Azken azterketatik hona eboluzio argirik ez dela ikusten erakutsi, geruza batetik bestera alde handia dagoela gogoratu, eta profesionalak euskaraz prestatzeko eta euskarazko eskaintza osatzeko premia dagoela nabarmendu du.

Honakoak dira, hurrenez hurren, txostenak biltzen dituen ondorioak eta gogoetak:

1. Eboluzio argirik ez. 2018an egin zuen UEMAk gisa honetako azken azterketa (iaz zegokion berritzea, baina COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak atzeratzea eragin zuen), eta orain osatu egin du, osasun langile guztiak aintzat hartuta. Ez da alde handirik sumatu, ordea: UEMAko kide diren herrietan lanean ari diren langileetatik, bostetik batek ez du egiaztatu beharrezko euskara gaitasuna. Pediatren kasuan, berriz, handiagoa da ehunekoa. Eboluzioa argia da begirada luzeagoz erreparatuta, baina azken urteetan ez da izan aldaketa handirik.

2. Alde handia Osakidetzaren eta Osasunbidearen artean. Azterketan bistan geratu da hizkuntza eskakizunen aldetik zer-nolako aldea dagoen Osakidetzaren eta Osasunbidearen artean: Nafarroan, izan ere, udalerri euskaldunetan ere postuen gutxiengo batean eskatzen dute euskaraz jakitea: bostetan bitan ere ez. Osakidetzan, berriz, UEMAko kide diren udalerrietan, ia lanpostu guztietan da derrigorrezkoa euskara gaitasuna egiaztatzea. Azken urteetan bi erakundeek hizkuntza politikaren ikuspegitik egin duten bide desberdina ageri-agerian jartzen dute datu horiek.

3. Osasun etxetik ospitalera, aldaketa. Hiru geruza aztertu dira: UEMAko herrietako osasun etxeak, UEMAko herritarrei zerbitzua ematen dieten lehen arretako zentroak, eta ospitaleak. Batetik bestera sumatzen da aldaketa hizkuntza eskakizunei dagokienez. Argigarriak dira Osakidetzako datuak: UEMAko kide diren herrietan, postuen %98k dute derrigortasun data ezarria; beste herri batzuetako lehen arretako zentroetan, %91k; eta ospitaleetan, %36k. Nafarroako datuek ere joera bera islatzen dute, beste kopuru batzuekin bada ere: UEMAko kide diren herrietan, %38; besteetan, %28; eta ospitalean, %1. Kontua da, ordea, eskakizun horiek zer neurritan betetzen diren: langile multzo esanguratsu bat bi hizkuntza ofizialak jakin gabe ari da osasun zerbitzuak ematen. UEMAko kide diren herrietan, bostetik bat pasatxo dira; gainerako herrietan, lautik bat baino gehiago; eta ospitaleetan, erdiak. Urteotan aurrerapauso handiak eman dira esparru horretan, batez ere Osakidetzan, baina datu horiekin, hizkuntza eskubideak urratzen dira oraindik ere, egunero.

4. Profesional multzoak. Hizkuntza gaitasuna egiaztatzeari dagokionez, alde nabarmenak daude profesional multzo batetik bestera. Medikuen artean, esaterako, handiagoa da euskaraz ez dakitenen ehunekoa. Profesional batzuen kasuan nabarmenagoa da nolako hutsuneak dauden, duten inpaktu soziala dela eta: pediatrei dagokienez, adibidez, hainbat udalerri euskaldunetan badaude euskaraz ez dakiten profesionalak. Gai horrek egonezin handia sortzen du udalerri ugaritan, eta hizkuntza eskubideen urraketa nabarmena dira. Zenbait udalek, azken hilabeteotan, mozioak ere onartu dituzte euskarazko pediatria zerbitzua eskatuz.

5. Begiz begi josteko katea. Hizkuntza eskubideak bermatzea da azken helburua, baina hori kate baten azken begia da. Begiz begi josi behar da katea, eta hor badira urratsak egiteko:

  • Profesionalen prestakuntzari dagokionez, euskarazko eskaintza osatzeko premia dago. EHUn egin dira urrats batzuk urteotan, eta horiek sendotzea da eginkizun; NUPen Medikuntza gradua ematen hasi dira, baina erdara hutsez. Horrekin batera, ez dira gutxi osasun ikasketak egitera kanpora jo behar duten ikasleak ere. Beraz, katebegiaren hasierako puntuan, ezinbestekoa da euskarazko eskaintza sendotzea, eta ikasle euskaldunek bertan ikasi ahal izateko bitartekoak taxutzea.
  • Kudeaketan bete-betean txertatu behar dira hizkuntza irizpideak, gogoan izanik oinarri bat: erakundeek betebeharra daukate herritarren hizkuntza hautua bermatzeko. Osasun arduradunen eta profesionalen artean ere gizarteratu behar da hori: herritarrenak direla hizkuntza eskubideak, eta zerbitzuaren kalitatean ezinbesteko aldagaia dela pazienteak aukeratutako hizkuntzan jardun ahal izatea.
  • Katearen azken begian daude herritarrak: zerbitzu hartzaileak dira, eta hizkuntza eskubideak bermatu behar zaizkie. Horri dagokionez, eta euskararen erabilera normalizatzeari begira, bultzatu beharreko ildoa da herritarrak ahalduntzea: euskarazko zerbitzua eska dezaten eta osasun etxean euskaraz egin dezaten. Finean, ezagutzaren arloan urteotan emandako pausoei etekina atera diezaieten.

    6. Belaunaldi aldaketa. Langile aldetik aldaketa handiak datoz hurrengo urteotan administraziora: erretiroa hartuko du behargin kopuru esanguratsu batek, eta belaunaldi berriak sartuko dira administraziora. Osasun zerbitzura ere bai. Horrek egokiera jartzen du euskarazko zerbitzua bermatzeko bidean urrats gehiago egiteko, kontuan hartuta belaunaldi berrien artean handiagoa dela euskaraz dakitenen ehunekoa. Horretarako, ordea, hizkuntza kudeaketa landu behar da: kontratazio irizpideak bete —ordezkapenetan ere bai—, langile berriei hizkuntza irizpideak azaldu eta jarraipena egin, eta euskaraz aritzeko laguntza eman, besteak beste.

· Txostena, osorik (PDFan):
UEMAko herrietako osasun zerbitzua. Txostena. 2021.

· UEMAren agerraldia Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean (Gasteiz, 2021-06-09). Laburpena, PDFan.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko udalerrietako osasun-zerbitzuei buruzko azterketa aurkeztu dute (legebiltzarra.eus, 2021-06-09).
· UEMAko herrietako bost osasun langiletik batek ez daki euskaraz (berria.eus, 2021-06-09).
· EAEko osasun zerbitzu publikoetako pediatren hirutik batek ez daki euskaraz (naiz.eus, 2021-06-09).
· Garikoitz Goikoetxea, UEMA: “Osasun arloan hizkuntz eskubideen urraketak ohikoak dira” (Hamaika Telebista, 2021-06-09).
· UEMAko herrietako bost osasun langiletik batek ez daki euskaraz (ataria.eus, 2021-06-09).
· UEMAko herrietan, pediatren herenak ez daki euskaraz (bizkaie.biz, 2021-06-10).
· UEMAko herrietako pediatren herenak ez du euskararen edonolako ezagutzarik (El Correo, 2021-06-10).
· UEMAko herrietan osasun zerbitzu publikoetako bost langiletik batek ez du dagokion euskara maila egiaztatu (oñati.eus, 2021-06-14).


Agerraldiaren argazkiak (egilea: Eusko Legebiltzarra).



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.