Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAk 30 urte bete ditu gaur

UEMAk 30 urte bete ditu gaur

Gaur 30 urte sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean, 1991ko maiatzaren 5ean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.

Sorrera eta lehen urratsak

Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten inguruan. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.

Onartutakoa bete nahian hastean, ordea, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) eskaini zien hura, horretarako Birreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.

Elkartzen hasi ziren udal haiek Udalerri Elebakarrak izena hartu zuten, baina elebakar hitzarekin nahasmena sor zitekeela iritzita eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu nahi zituztela kontuan hartuta, Udalerri Euskaldunak bihurtu ziren.

UEMA: 1991ko maiatzaren 5ean, Aizarnazabalen

Hurrengo pausoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea eta estatutuak onartzea izan zen. 1991ko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzea erabaki zuten, festa eta aldarrikapena uztartuz, eta UEMA osatu zuten lehen 19 udaletako hautetsiek egun hartan egin zuten bilera eta UEMAren sorrerako batzarra.

Honako 19 udalak izan ziren UEMA sortu zutenak: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia.

Estatutuak onartu ondoren, 1992ko apirilean erregistratu zuten mankomunitatea. Urrats horrekin, hasieran mugimendua zenak izaera juridikoa hartu zuen, eta UEMA udalak biltzen zituen mankomunitatea izanik, erakunde publikoa ere bihurtu zen. Lehenengo 19 udal haiek udalerri txikietakoak ziren, eta ez zuten baliabide handirik, eta UEMA hasi zitzaien udala euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen.

Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.

Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten.

30 urte bidea zabaltzen

Hasieran dena egiteko aurkitu zuten udalek, eta behar horri erantzun zion UEMAk: inprimakiak, aktak, txostenak, kartelak, errotuluak, irudiak eta abar euskaraz eskainiz. Ordudanik, 30 urteko bidean, eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskaraz funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek.

Duela zenbait urte, ordea, udalak euskalduntzearekin batera udalerriak euskalduntzea ere giltzarria zela ondorioztatu zuen mankomunitateak, eta horretarako herritarren kontzientziazioan eragitea ezinbestekoa dela ohartuta, hainbat ildo eta zerbitzu berri abiarazi zituen. Besteak beste, eskola guztietarako hezkuntza proiektua, hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneei buruzkoa, herritarrak ahalduntzeko tailerrak eta kanpainak, edota zerbitzu sektorea euskalduntzeko baliabideak.

Hasierako 19 udal horiek 88 dira gaur egun. Herri txikiak ez ezik tartean dira Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia edo Oñati bezalakoak ere. Azken asteotan, gainera, Amasa-Villabonak eta Zizurkilek ere UEMAn sartzeko eskaera egin dute. 90 udalerri izango dira laster, beraz. Guztien artean, zehazki, 266.000 biztanleko lurgunea osatzen dute UEMAn dauden udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.

Arnasguneen garrantzia ikusaraztea eta aitortzea, zehazki, UEMAren oinarrietako bat da. Urte askoan egindako lanak eman du uzta, eta gaur egun euskalgintzak ez ezik erakunde publikoek ere bat egiten dute UEMArekin, arnasguneak euskararen biziberritzean giltzarriak direla nabarmenduz.

Gaur egungo ildoak eta etorkizuna

UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.

Hori guztia herriz herri bideratzeko 13 laguneko lan-talde teknikoa du UEMAk, udal ordezkariek osatutako zuzendaritza batzordeak zehazten dituen ildoei erantzuteko.

Maiatzaren 29an, urteurrena gogoratzeko ekitaldia

Datorren maiatzaren 29an, UEMAk aurtengo lehen batzar nagusia egingo du, Amasa-Villabonan. Batzarra amaitzen denean, berriz, UEMAren 30. urteurrena eta egindako bidea gogoratzeko ekitaldi xumea egingo dute, Amasa-Villabonan bertan, Gurea antzokian. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak izango dira bertan, eta UEMAk 30 urte hauetan egindako bideari errepasoa emango diote, gaur egungo ildoak eta erronka berriak zehaztearekin batera.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· 30 urte Euskal Herri euskaldun baten alde lanean (zarauzkohitza.eus, 2021-05-05).
· UEMA: 30 urte, 90 udalerri (bizkaie.biz, 2021-05-07).
· 30 urte Euskal Herri euskaldun baten alde lanean (karkara.eus, 2021-05-05).
· 30 urte Euskal Herri euskaldun baten alde lanean (baleike.eus, 2021-05-05).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.