Hasiera » Zehaztu gabe » Pediatra euskalduna bermatzeko eskatuko diote berriro ere Osakidetzari Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiako udalek, UEMArekin batera

Pediatra euskalduna bermatzeko eskatuko diote berriro ere Osakidetzari Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiako udalek, UEMArekin batera

Bi urte beteko dira laster Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiako haurrek pediatra euskalduna ez dutenetik. Lanpostu horrek ezarria du bigarren hizkuntza eskakizuna, eta euskara jakiteko derrigortasuna du 2008ko ekainaren 1etik. Bilerak bilera eta eskaerak eskaera, ordea, Osakidetzak egoera konpontzen ez duela ikusita, gaia udal osoko bilkuretara eramatea erabaki dute lau udalek, eta erabaki zehatzak biltzen dituen mozioa dute aztergai egun hauetan. Honako hauek dira udalek onartutako eskaerak:

Batetik, udalek Osakidetzari eskatzea lehenbailehen zuzendu dezala herriko pediatra postuaren egoera, eta berma ditzala herritarren hizkuntza eskubideak. Bestetik, udalak Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea jar ditzatela bideak zerbitzua euskaraz emateko gai diren profesionalak hezteko eta kontratatzeko: egiturazko neurriak har ditzatela mediku euskaldunen faltari aurre egiteko, unibertsitatetik hasita.

[Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaiako haurrek eta gurasoek ez dute pediatra euskaldunik].

2019ko ekainean, lau herrietako alkateek gutuna bidali zuten Osakidetzara, egoera konpontzeko eskatuz, herri horietako umeen eta gurasoen hizkuntza eskubideak aintzat hartuta. Urte bereko uztailean, UEMAko teknikariek bilera izan zuten Donostialdeko ESIko arduradunekin, eta hizpide izan zuten pediatra lanpostu hori: Osakidetzak UEMAri jakinarazi zion 2020ko maiatzera arte egongo zela euskaraz ez dakien pediatra postu horretan. Ia urtea joan da aipatutako epe horretatik, gaur-gaurkoz egoera ez da aldatu, eta mozioan zehazten den moduan “herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ari dira, non eta hain inportantea den zerbitzu batean, norekin eta umeekin”.

Horren aurrean, egoera salatzeko eta Osakidetzari zein Eusko Jaurlaritzari egoera konpontzeko eta osasungintzan herritarren eskubideak bermatzeko eman beharreko pausoak eman ditzaten eskatzeko, UEMArekin landutako mozio bana izango dute lau udalak aztergai egun hauetako udal osoko bilkuretan.

Zestoan, zehazki, joan den ostegunean onartu zuten mozioa, martxoaren 25ean. Getarian biharko udal osoko bilkuran aztertuko dute, eta Aizarnazabalen, berriz, etzi egitekoa duten udal osoko bilkuran. Zumaian, azkenik, apirileko udal osoko bilkuran aztertuko dute mozioa.

‘Herrian pediatra euskaldunak nahi ditugu’. Mozioak, PDFan.
· Aizarnazabalgo mozioa.
· Getariako mozioa.
· Zestoako mozioa.
· Zumaiako mozioa.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Pediatra euskalduna bermatzeko eskatu dute eskualdeko lau udalek (urolakosta.hitza.eus, 2021-03-29).
· Pediatra euskalduna bermatzeko eskatu dute eskualdeko lau udalek, Zumaiakoak barne (baleike.eus, 2021-03-29).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.