Hasiera » Zehaztu gabe » Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko eta hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko kanpaina aurkeztu dute UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak

Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko eta hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko kanpaina aurkeztu dute UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak

Duela bi urte ‘Arnasa gara’ kanpaina abiarazi zuten hiru erakundeek, beste hainbat eragilerekin eta udalekin batera. Arnasguneek euskararentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmendu zuten orduan, eta bide horretan sakontzera dator orain kanpainaren fase berria. Horretarako, hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko zortzi bideo labur sortu dituzte, eta horiak zabalduko dituzte hurrengo bi hilabeteotan, herritarrak kontzientziatzeko. Kanpainari hauspoa emateko, musikarien, aktoreen, kazetarien eta kirolarien laguntza izango dute sare sozialetan. Kanpaina amaitzean, berriz, herrietan eta UEMAren hezkuntza proiektuaren baitan erabiliko dituzte bideoak, tailer zehatzetan.

Bingen Zupiria, Silvia Marañon, Ana Ollo eta Iraitz Lazkano, gaur goizean, Etxarri Aranazko plazan.

Udalerri Euskaldunen Mankomuniatateak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Arnasa gara kanpainaren baitan sortutako zortzi bideo aurkeztu dituzte gaur, horien inguruko kanpainarekin batera, Etxarri Aranazko udaletxean egindako agerraldian. Bertan izan dira Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Silvia Marañon Etxarri Aranazko alkatea. Kanpainak bi helburu ditu: arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia gogoraraztea eta herritarren hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatzea.

Hiru Damatxok ekoitzi dituen zortzi bideo izango dira kanpainaren ardatza, eta datorren astetik aurrera astero bideo bat zabalduko dute, sare sozialetan eta ohiko mezularitza aplikazioetan. Bideoak zabaltzeko, Euskal Herriko aktoreak, musikariak, kazetariak eta kirolariak izango dituzte lagun, eta horiekin online elkarrizketak ere izango dira astero sare sozialetan, bideoek lantzen dituzten gaien inguruan. Zehazki, Berria egunkariaren eta Arnasa Gara kanpainaren Instagram kanaletan ikusi ahal izango dira elkarrizketak. Antton Telleria, Aitziber Garmendia, Eñaut Elorrieta, Sambou Diaby, Erika Olaizola, Ander Lipus, Ainhoa Etxebarria eta Iratxe Urkiaga izango dira elkarrizketatuak. Martxoaren 22an hasiko da kanpaina, datorren astelehenean, eta zortzi aste geroago amaituko da, maiatzaren 16an.

Kanpaina amaitzen denean, berriz, UEMAko kide diren herrietan zortzi bideoak aurkeztu eta tailer moduko hausnarketa saioak ere egingo dituzte. Era berean, UEMAko kide diren herrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.



Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañonek aipatu duenez, “herritarrak kontzientziatzera” dator kanpaina hau, “egunerokoan euskara nola erabiltzen dugun eta zer-nolako ohiturak ditugun hausnartu dezagun”.

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Nafarroako Gobernuak arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea eta euskal komunitatea indartzea du xede. Neurri batean, denok baitugu gure hizkuntza jokaera aztertzeko eta dugun jokabideaz kontziente izateko beharra”, adierazi du. Nafarroan 36 udalerri euskaldun daude, eta horietarik 14 dira UEMAko kide.

Eredugarritasuna, elkarlana eta herritarren kontzientziazioa

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, berriz, “arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait” dela nabarmendu du eta, beraz, ‘Arnasa gara’ kanpaina bereziki garrantzitsua dela UEMArentzat. “UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu duena gaur egun hainbat erakunde publikok ere onartzen eta zabaltzen dutela ikustea ederra da”.

Horrez gain, Lazkanoren hitzetan, “herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horietan eragiteko. Hori bultzatu nahi dute 8 bideo hauek, eta udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko moduko bitarteko oso erakargarriak dira. Gazteen erabilera ohituren inguruko kezka handia da, eta horregatik abiarazi genuen UEMAren hezkuntza proiektua, duela lauzpabost urte. Kanpaina hau ere bereziki erakargarria iruditzen zaigu ildo horretan: herritarren eta gazteen kontzientziazioan. Beraz, kanpaina amaitzean herrietan tailer edo hausnarketa-saio moduko aurkezpenak egiteko aukera ere landu dugu, eta helduko dira horiek ere, behin kanpaina amaituta. Era berean, bideo hauek UEMAren hezkuntza proiektuaren baitan ere landuko ditugu, ehunka eskoletara eta milaka ikaslerengana iritsiz.

Azkenik, azken urteotan erakunde publikoetatik zein euskalgintzatik nabarmendutako hiru kontu gogoratu nahi izan ditu, hizkuntza politikan duten garrantziagatik, kanpaina honek hirurak biltzen dituelakoan: eredugarritasuna, elkarlana eta herritarren kontzientziazioa.

Eredugarritasunari dagokionez, erakunde publikoak eredugarri izatea ezinbestekotzat jo du, herritarren hizkuntza ohituretan eragin ahal izateko: “Guk euskaraz egiten badugu, herritarrak ere bideratuko ditugu horretara. Bideo hauek horren inguruan hausnartzeko ere bidea ematen dute. Gurasoen rolen inguruko hausnarketa ere ageri delako, besteak beste”.

Bestetik, elkarlanaren garrantzia aipatu du Lazkanok: “Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarrekin landutako kanpaina da honakoa, horrek esan nahi duen guztiarekin. Arnasguneen garrantzia elkarrekin nabarmentzeaz gain, bideo hauen bidez zabaldu nahi diren mezuak ere elkarrekin adostutakoak dira, azkenaldian dozeneka udaletatik eta euskalgintzatik heldutako kezkari erantzun nahian. Ez da lehen aldia, eta ez da azkena ere izango. Baina elkarrekin bidea egiteko eta elkarrekin eragiteko moduaren erakusgarri denez, gogoratu nahi dugu.

Azkenik, kanpaina honek herritarren kontzientziazioan eragiteko duen asmoaz hitz egin du: “ Zortzi bideo hauek zerbait erakusten badute, hizkuntza ohiturak inertziaz errotuta ditugula da, eta horiek iraultzeko gure hizkuntzaren eta euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketa eta pedagogia beharrezkoa dela. Horretan eragin nahi dugu bideo hauekin, eta bideo hauek zabaltzen bidelagun izango ditugun aktore, musikari, kazetari eta gainerako eragileekin”.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ere elkarlanaren garrantzia eta herritarren kontzientziazioan eragiteko beharra nabarmendu ditu. Zupiriak adierazi duenez, gaur aurkeztutako ekimena “arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da. Euskararen Agenda Estrategikoan ezarrita dagoen modura, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren egitekoetako bat da ‘Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea’. Eta helburu hori erdiesteko bidea da guretzat programa hau”. Bide horretan, hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza ere azpimarratu du.

· Arnasa Gara ekimena eta ‘Egunerokoan zer’ kanpaina:

Prentsa dossierra (PDFan).

· ‘Arnasa Gara’ kanpaina. Eusko Jaurlaritzaren prentsa oharra (PDFan).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Ramon Olasagastiren iritzi artikulua: Arnasa gara (ataria.eus, 2021-03-29).
· Arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi du UEMAk (zarauzkohitza.eus, 2021-03-28).
· Arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi du UEMAk, Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin abiatutako kanpainaren bidez (orio.eus, 2021-03-24).
· Arnasguneak: euskararen birikak (alkiza.eus, 2021-03-24).
· ‘Arnasa Gara’ hasi da, hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko kanpaina (Busturialdeko Hitza, 2021-03-24).
· Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk (Xaloa Telebista, 2021-03-22).
· Arnasguneen garrantzia azpimarratuko du Uemak (karkara.eus, 2021-03-20).
· Arnasguneen garrantzia azpimarratuko du Uemak zortzi bideoren bidez (zarauzkohitza.eus, 2021-03-20).
· ‘Arnasa gara’ kanpaina abiatu dute, arnasguneak indartzeko helburuz (Berria, 2021-03-19).
· Hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko eskariagaz dator aurten Arnasa Gara kanpaina (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2021-03-19).
· Hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko eskariagaz dator aurten Arnasa Gara kanpaina (Busturialdeko Hitza, 2021-03-19).
· ‘Arnasa gara’ kanpaina abiatu dute, arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko (berria.eus, 2021-03-18).
· Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute gobernuak, jaurlaritzak eta UEMAk (euskalerriairratia.eus, 2021-03-18).
· Silvia Marañon: “Herritarren aurrean eredu izatea dagokigu” (guaixe.eus, 2021-03-18).
· Iraitz Lazkano: “Herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horietan eragiteko” (guaixe.eus, 2021-03-18).
· Bingen Zupiria: “Euskararen biziberritze prozesuan arnasguneen garrantzia handia dute” (guaixe.eus, 2021-03-18).
· Ana Ollo: “Arnasguneetan euskaraz bizi daitekeela erakusten duzue” (guaixe.eus, 2021-03-18).
· Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk (navarra.es, 2021-03-18).
· El Gobierno de Navarra, el Gobierno Vasco y la UEMA presentan una iniciativa para empoderar a las y los ciudadanos de los “arnasgune” (navarra.es, 2021-03-18).
· ‘Arnasa Gara’ kanpaina aurkeztu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (elcorreo.com, 2021-03-18).
· ‘Arnasa gara’, arnasguneetako euskaldunei autortzea (bizkaie.biz, 2021-03-18).
· Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko eta hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko kanpaina aurkeztu dute (kultursharea.eus, 2021-03-18).
· Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimen berria aurkeztu dute (Europa Press, 2021-03-18).
· Arnasguneetako herritarrak ahalduntzeko ekimena aurkeztu dute gobernuak, jaurlaritzak eta UEMAk (euskalerriairratia.eus, 2021-03-18).
· Euskaraz bizi diren herritarrak ahalduntzeko, bideoz osatutako kanpaina (goiena.eus, 2021-03-18).
· Lanzan una iniciativa para empoderar a las y los ciudadanos de los “arnasgune” (Pamplona Actual, 2021-03-18).
· Hizkuntza ohiturez hausnartzeko kanpaina, UEMA, nafar Gobernua eta Lakuaren eskutik (naiz.eus, 2021-03-18).
· ‘Arnasa Gara’, arnasguneek euskararentzat duten garrantzia nabarmentzeko kanpaina (diariovasco.com, 2021-03-18).
· Una campaña busca empoderar municipios que viven en euskera de forma natural (eitb.eus, 2021-03-18).

Gai honi buruzko elkarrizketak:
· Antton Telleria: «Bertako gastronomia famatzen dute, eta gaztelera saltzen dute euskal produktuekin batera» (berria.eus, 2021-03-24).
· Antton Telleria: “Asko famatzen da Euskal Herriko gastronomia, baina maila linguistikoan kanpoko urdaiazpikoa saltzen ari dira, gaztelera” (uema.eus, 2021-03-24).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.