Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAko kide da gaurtik aurrera Lesaka

UEMAko kide da gaurtik aurrera Lesaka

Urte amaierako Batzar Nagusia egin du gaur UEMAk Lesakan. Bertako Harriondoa Kultur Etxean bildu dira UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak eta UEMAko kide diren Nafarroako 14 udaletako ordezkariak. Gainerako batzarkide guztiek, berriz, online hartu dute parte Batzar Nagusian. Guztira ehun bat alkate eta zinegotzik hartu dute parte batzarrean. Besteak beste, UEMAra sartzeko Lesakak egindako eskaera onartu dute. Horrela, UEMAko 88. udalerria bihurtu da Bortzirietako herria. Lesaka gehituta, gainera, Bortzirietako udal guztiak dira orain UEMAko kide.

[UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak eta Nafarroako herrietako ordezkariak, gaur eguerdian, Lesakan. Gainerako alkate eta zinegotziek etxetik jarraitu dute Batzar Nagusia].

Lesakaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021rako egitasmo nagusiak ere onartu dituzte batzarkideek. Urte berezia izan da 2020a, eta UEMAk ere pandemiak eragindako egoerara egokitu eta moldatu behar izan ditu lanerako ildoak. Batzar Nagusia online egitea bera izan da horren erakusleetako bat.

2020ko balantzeari dagokionez, udan UEMAk, 61 udalek eta bost garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu dute, landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik. Horrez gain, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, etorri berrientzako harrera protokoloak edota herritarrak kontzientziatzeko ekimenak ere gogoratu dituzte.

2021erako onartutako egitasmoetan, udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko ekimenez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu dituzte.

Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: milaka ikaslerengana heltzen den Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak.

Bestetik, ikerketa arloa: kale erabilera neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, edota haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa.

Hirugarrenik, ekimen berritzaile gisa, UEMAk bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu dute. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izango da zerbitzu berria, beti ere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadin bermatu ondoren.


Lesaka gehituta, 88 udalerri dira UEMAko kide, guztien artean 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgune euskalduna osatuz

UEMAko kide izateko Lesakako Udalak egindako eskaera ere onartu dute batzarkideek. Horrela, UEMAko kide den 88. udala bihurtu da gaur Lesaka. UEMAko kide diren udal guztien artean 250.000 biztanle baino gehiagoko lurgune euskalduna osatzen dute.

Urriaren 29an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Lesakako Udalak UEMAko kide izateko eskaera egitea. Ladis Satrustegi alkatearen hitzetan, “herri euskalduna da Lesaka, eta naturaltasunez euskaraz solasten da hemen, baina hainbat faktorek eragin zuzena dute hizkuntzaren erabileran, eta hori ez da Lesakaren kontua soilik. Arnasgune guztietan ikusten da: hauskorrak gara. Horren aurrean, UEMAk duen esperientzia baliatuz, herritarrak ahalduntzea eta kontzientziatzea da gure asmoa. Nolabait, inertziatik kontzientziarako saltoa ematea garrantzitsua da, eta hori guztia lantzeko UEMA bidelaguna da”.

Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan.

Bideoa:
· Ladis Satrustegi Lesakako alkatearen eta Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariaren adierazpenak Batzar Nagusia amaitu ondoren.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Lesakak bat egin du UEMArekin (Berria, 2020-12-12).
· Udalerri euskaldunen mankomunitateko 88. kidea da Lesaka atzotik aitzinera (Diario de Noticias, 2020-12-13).
· Lesaka berriro batu zaio UEMAri (Berria, 2020-12-13).
· Lesaka gehituta, 88 udalerri dira UEMAko kide eta guztien artean 250.000 biztanle baino gehiagoko eremu euskalduna osatzen dute (erran.eus, 2020-12-13).


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.