Hasiera » Zehaztu gabe » Zarauzko 30 taberna eta jatetxek egin dute bat Bertatik Bertara kanpainarekin

Zarauzko 30 taberna eta jatetxek egin dute bat Bertatik Bertara kanpainarekin

Zarauzko Udala atzo hasi zen UEMAk eta biek elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpainako materiala eta mahai-gainekoak banatzen, kanpainarekin bat egin duten herriko taberna eta jatetxeetan. Dagoeneko 10.000 mahai-gaineko banatu dituzte, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko kanpainaren baitan. Oraingoz herriko 30 taberna eta jatetxek egin dute bat kanpainarekin, baina oraindik ere egin daitezke eskaerak, Zarauzko Udalaren euskara zerbitzuarekin harremanetan jarrita.

10.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu egun hauetan Zarauzko Udalak herriko taberna eta jatetxeetan, uda hastearekin batera UEMArekin eta beste 60 udaerri euskaldunekin elkarlanean abian jarri duen Bertatik Bertara kanpainaren mezua zabaltzeko. “Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatu nahi ditu kanpainak, udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazteko eta herritarrak zein bisitariek kontzientziatzeko.

Hasiera batean, udaren atarian, turismo eskaintzan bertako altxorrak nabarmenduko ditu kanpainak, euskararen erabileratik hasita. Udazkenetik aurrera, berriz, udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenen aterpe izango da kanpaina, udaletatik tokian tokiko produktuak eta ekonomia nola lagundu daitezkeen hausnartzeko eta lanerako ildo berriak abiarazteko.

Zarautz, zehazki, biztanle kopuruari dagokionez UEMAko kide den herri handiena da, eta udan ez ezik urte osoan jasotzen dituen milaka bisitarien harira, bertako hizkuntza eta produktuak nabarmentzea garrantzitsua delakoan dago Udala. Irune Urbieta Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotziaren hitzetan, “kanpaina honek bertakoa jartzen du balioan, eta bertakoak geu gara, geure hizkuntzarekin, geure arnasarekin, gure produktuekin, gure ohitura, tradizio eta gaur gaurko kultur adierazpenekin. Kanpokoari nor garen erakustea balioan jartzen du kanpainak, baina ez hori bakarrik, geuri ere zer pentsatua ematen digu, eta hausnarketa hori egitea behar-beharrezkoa zaigu, euskararen garrantziaz jabetzeko”.

Urbietaren arabera, “kanpotik hainbeste bisitari jasotzen dituen herri bat behartuta dago bere nortasuna zaintzera eta babestera. Erakundeek, elkarte zein norbanakoek, mota guztietako eragileek zaindu izan dute hori urteetan zehar. Zarauzko gizarte antolatuak (kirol eta kultur elkarteak, mota guztietako eragileak, ikastetxeak…), euskaraz bizitzeko ahalegina egiten du neurri handi batean. Indar handiagoa jarri behar dugu, ordea, kanpotarrei begira dauden sektore ekonomikoen artean. Horiek euskara eta euskal kultura ‘bertako berezitasun edo espezialitate’ gisa ikusaraztea litzateke gure helburua. Guk garbi baitugu: Zarautz ez litzateke Zarautz euskararik gabe”.

Herritarrak eta zerbitzu sektoreko eragileak horren inguruan kontzientziatzea da Bertatik Bertara kanpainaren helburuetako bat. Zarautzi dagokionez, honakoak dira kanpainan parte hartzeko nahia adierazi duten eta lehen mahai-gainekoak jasoko dituzten Zarauzko tabernak eta jatetxeak:

Urdaneta taberna, Itxas Lur, Karlos Argiñano, Orbela, Ogi Berri (Bizkaia 19), Katixa, Txiki Polit, Talaimendi kanpina, Iruña, Tivoli, Santa Barbara, Geltoki, Patxiku, Arrano, Euromar txiringitoa, Isabel, Itxaso, Marina Txiki, Udaberri, Kikara, Salegi, Beazay, Euskalduna, Telesforo, Eroski, Olatugain, Ameztigain, Bai Batzokia eta Alai.

Dena dela, beste 5.000 mahai-gaineko erreserbatu ditu Zarauzko Udalak bigarren banaketa baterako. Beraz, oraindik garaiz daude tabernak eta jatetxeak, eskaera egiteko. Kanpainan parte hartu nahi izanez gero, nahikoa da Euskara zerbitzuarekin harremanetan jartzea, euskaraz@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 16 telefono zenbakira deituta.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Irune Urbieta: “Euskara, gure nortasunaren adierazgarri ez ezik, kalitatezko zerbitzuaren adierazgarri da”.



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.