Hasiera » Zehaztu gabe » UEMA, udalerri euskaldunen arnasa zabaltzeko erakundea

UEMA, udalerri euskaldunen arnasa zabaltzeko erakundea

Gaur 29 urte sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, hainbat udalek Aizarnazabalen egindako batzarrean. Gaur egun 87 udalek osatzen dute, eta udalak eta administrazioa euskalduntzeko hasierako ildoez gain, beste hainbat arlotan ari da UEMA, batez ere herritarren sentsibilizazioan eta udalerri euskaldunen garapenean eraginez.

Euskaldunen Egunkariaren 1991ko maiatzaren 5eko azala, UEMAren sorrera iragarriz.

Sorrera eta lehen urratsak

Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte hartan udaletan aurkeztu zuen mozio baten inguruan. Mozio hark herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen, eta Euskal Herriko 32 udalek onartu zuten. Mozioarekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” onartu zuten, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko asmoarekin.

Onartutakoa bete nahian hastean, ordea, udal haiek laster konturatu ziren aurrera egin ahal izateko beraien arteko koordinazioa beharrezkoa izango zutela, eta mozioa onartu zuten udaletako batzuk elkartzen hasi ziren. Koordinazioa ez ezik laguntza teknikoa eta juridikoa ere beharko zutela ohartu ziren, eta EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrea) eskaini zien hura, horretarako Birreuskalduntzearen Planifikaziorako Zerbitzua (BPZ) sortuz.

Elkartzen hasi ziren udal haiek Udalerri Elebakarrak izena hartu zuten, baina elebakar hitzarekin nahasmena sor zitekeela iritzita eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu nahi zituztela kontuan hartuta, Udalerri Euskaldunak bihurtu ziren.

UEMA: 1991ko maiatzaren 5ean, Aizarnazabalen

Hurrengo pausoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea eta estatutuak onartzea izan zen. 1991ko maiatzaren 5ean Aizarnazabalen Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzea erabaki zuten, festa eta aldarrikapena uztartuz, eta UEMA osatu zuten lehen 19 udaletako hautetsiek egun hartan egin zuten bilera eta UEMAren sorrerako batzarra.

Honako 19 udalak izan ziren UEMA sortu zutenak:

Abaltzisketa
Aizarnazabal
Altzo
Arbizu
Aulesti
Baliarrain
Dima
Errezil
Etxebarria
Gatika
Ikaztegieta
Leaburu-Txarama
Lizartza
Munitibar
Muxika.
Nabarniz
Orendain
Urdiain
Zaldibia

Estatutuak onartu ondoren, 1992ko apirilean erregistratu zuten mankomunitatea. Urrats horrekin, hasieran mugimendua zenak izaera juridikoa hartu zuen, eta UEMA udalak biltzen zituen mankomunitatea izanik, erakunde publikoa ere bihurtu zen. Lehenengo 19 udal haiek udalerri txikietakoak ziren, eta ez zuten baliabide handirik, eta UEMA hasi zitzaien udala euskalduntzeko behar zituzten baliabideak eskaintzen eta ematen.

Denborak aurrera egin ahala, udal berriak gehitzen joan ziren, eta arazo administratiboak eta oztopo juridikoak ere heldu ziren. 1995ean Espainiako Epaitegi Gorenak UEMAren estatutuak ez legezkotzat jo zituen, eta mankomunitateak estatutuak berritu eta egokitu behar izan zituen, beti ere hasierako helburuei, funtzionamenduari eta lanari eutsiz.

Oztopoak oztopo, udalak euskalduntzeko borondate irmoa azaldu zuten udalerri euskaldunek, eta helegiteei eta epaiei aurre eginez, euskaraz lanean jarraitzea erabaki zuten.

29 urteko ibilbide emankorra

Hasieran dena egiteko aurkitu zuten udalek, eta behar horri erantzun zion UEMAk: inprimakiak, aktak, txostenak, kartelak, errotuluak, irudiak eta abar euskaraz eskainiz. 29 urteko bidean, eremu instituzionalean, euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da UEMA. Izan ere, euskaraz funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaini izan ditu, beharren arabera.

Hasierako 19 udal horiek 87 dira gaur egun, eta herri txikiak ez ezik tartean dira Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia edo Oñati bezalakoak ere. Gainera, COVID-19ak sortutako osasun larrialdiak eta alarma egoerak hainbat erabaki atzeratu baldin baditu ere, beste zenbait udalek dagoeneko iragarri dute UEMAn sartzeko asmoa, eta laster 90 udalerritara helduko da mankomunitatea. Guztien artean, 250.000 biztanle inguruko lurgunea osatuko dute UEMAko kide diren udalerri euskaldunek, eta lurgune honek euskararentzat duen funtzio estrategikoa ikusarazten ere lagundu du UEMAk, euskararen arnasguneak babestuz eta sendotuz.

Gaur egungo ildoak eta etorkizuna

UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu (hemen UEMAren zerbitzuen katalogoa ikusgai), euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.
Hau dena herriz herri bideratzeko lan-talde teknikoa du UEMAk, udal ordezkariek osatutako zuzendaritza batzordeak zehazten dituen ildoei erantzuteko.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskaraz diharduten Udalek Mankomunitatea osatuko dute (Euskaldunon Egunkaria, 1991-05-05. Azala, PDFan).
· Mankomunitatea osatuko dute gaur hogeita zortzi udalerri euskaldunek (Euskaldunon Egunkaria, 1991-05-05, 10. orrialdea, PDFan).
· Veintiocho municipios crean la primera mancomunidad euskaldun (Egin, 1991-05-06. Azala, PDFan).
· Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (eu.wikipedia.org).
· UEMA, 25 urte bidea zabaltzen (uema.eus, 2016-05-04).
· Zoru bat arnasguneei (Berria, 2016-05-05).
· UEMAren 25. urteurrena, PDFan:
Berria 2016-05-05 (5 orrialde)
Berria 2016-05-06 (2 orrialde)
· UEMA, 25 urte bidea zabaltzen (UEMAren sorrera, asmoak, eta 25 urteotako jarduna laburtzen duen bideoa).
· UEMA, 25 urte euskararen alde lanean (naiz.eus, 2016-05-10. Bideoa eta erreportajea).
· UEMAk 25 urte: ez daitezen erdaldundu udalerri euskaldunenak (Argia, 2016-05-06).
· 25. urteurreneko ekitaldia egin du UEMAk Aizarnazabalen (Urola Kostako Hitza, 2016-05-06).
· UEMA, “tropelari tiraka” segitzeko prest (El Diario Vasco, 2016-05-06).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.