Hasiera » NOR GARA » Bilakaera

Bilakaera


Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988. urte amaieran hasi zen, Euskal Herrian Euskaraz-en ekimenez, 30 udalerri euskaldunek “Euskararen Erabilpena Normalizatzeko Udal Arautegia” onartu zutenean. Araudi hori bertako administrazioan zein herrian euskaraz bizi izateko bitartekoak jartzeko asmoz onartu zen.

Esan beharrekoa da udalerri euskaldunek erabaki hori hartu baino lehen, 1982an hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak emandako 10/1982 Euskararen Legeko 8.3 artikuluaren arabera, udalerri euskaldunetan euskara hutsez funtzionatzeko aukera jasotzen zela, baina Auzitegi Konstituzionalak artikulu hori indargabetu egin zuen:

“Gorago agindutakoa horrela dela ere, udalaren gizarte- hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kalterako gertatu ez dadinean, herri agintariek, Toki-Arduralaritzaren arloan, euskara bakarrik erabili ahal izango dute.”

Aizarnazabalen, 1991. urtean, 17 udalek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zuten. Hasiera hartan, herri txikiak izan ziren mankomunitatera bildu zirenak. Baina, baliabide urriak izanda ere, UEMAren laguntzaz, urrats eraginkorrak eman ziren aipatu udalerrien euskalduntzean.

Egindako lana eta lortutako emaitzak handiak izan dira. Izan ere, administrazio publikoak mende luzez erdaraz funtzionatu arren, gauza izan gara euskarazko funtzionamenduari ekiteko; hau da, euskara administrazioko lan-hizkuntza bihurtzeko. Aipatzekoa da, UEMAko udalek eman dituzten eta eman nahi izan dituzten urratsen muga, sarri, legea berea izan dela.

UEMAko udalerrien euskalduntzean urratsak eman ahala, mankomunitatearen erreferentzia indartu da. Eta denborarekin, pixkanaka herri gehiago batu izan dira mankomunitatera. Horrela, indar biltze etengabea osatu eta mankomunitate zabal eta indartsua osatzera iritsi arte.

20. urteurrena mugarri

UEMAren bilakaeran mugarri bat bada, hori 20. urteurreneko hausnarketa prozesua izan da. Bertan, UEMAko ordezkari politikoez gain, mankomunitateko teknikari, udal langile eta euskalgintzako ordezkariek ere parte hartu zuten. Ikuspuntu ezberdinak bilduaz, UEMAren ibilbidearen errepaso kritikoa osatu zen, zertan asmatu izan den ikusi, baina batez ere, ahulguneak indartzeko bideetan sakonduz.

Eta hortxe hasi zen UEMAren ibilbide berria, 20. urteurrenean. Udalerri kopuru esanguratsuari lotuta, herri handiak ere barnebilduz… Gaur egun UEMAren, izate, dimentsio eta ezaugarritzeak ez du zerikusirik bere sorreran zenarekin. Zabalagoa da egun UEMAren lurgunea, baita indartsuagoa ere, eta horrek lurgune euskaldunaren euskalduntzean helburu anbiziosoagoak eman eta lurgune euskalduna zabaltzen joateko ere oinarri sendoagoa eskaintzen digu.

Ibilaldi berri honetan, mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak mantendu eta indartu badira ere, euskarari dagokionez, lurgune euskaldunek betetzen duten funtzio estrategikoa lantzen eta sakontzen ari da UEMA. Euskararen arnasguneen gaineko sentsibilizazioa zabalduaz herritarren artean, soziolinguistikako adituekin lurgune euskaldunak aztertuz, beste herrialdeetako esperientziak ezagutuz, baina batez ere, lurgune euskaldunen erabateko euskalduntzea gauzatzeko beharrezko diren urratsak emanez.

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.