Hasiera » Zehaztu gabe » Bikain ziurtagiria jaso dute aurten ere UEMAko beste bost udalek

Bikain ziurtagiria jaso dute aurten ere UEMAko beste bost udalek

Aizarnazabal, Aduna, Dima, Mutriku eta Segurako udalek jaso dute aurten ziurtagiria. Baita enplegua sustatzeko Bermeoko Behargintza erakundeak ere.

[EAEko 25 enpresa eta erakundek jaso zuten atzo Bikain ziurtagiria, Donostiako Kursaal jauregi egindako ekitaldian. Tartean izan ziren Aizarnazabal, Aduna, Dima, Mutriku, Segura eta Bermeoko udal ordezkariak ere. Argazkia: Eusko Jaurlaritza].

2019ko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Kursaal jauregian egindako egindako ekitaldian. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak banatu zituzten ziurtagiriak, eta UEMAko bost udal izan ziren ziurtagiria jaso zuten 25 erakundeen artean: Aizarnazabal, Aduna, Dima, Mutriku eta Segura. Era berean, enplegua sustatzeko Behargintza-Bermeo erakundeak ere jaso zuen saria.

Bermeoko Udaleko eta Behargintza-Bermeoko ordezkariak, Urrezko Bikain ziurtagiriarekin. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak eta UEMAko lehendakariordeak jaso zuen ziurtagiria. Argazkia: Bermeoko Udala.

Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da. Publikoa eta doakoa da, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 393 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira 75.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek.

Aurten ziurtagiria jaso duten 25 erakundeen artean, 17k goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute, 5ek zilarrezkoa eta beste hiruk oinarrizkoa. UEMAko kide diren udalen kasuan, denek urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute. Gainera, aurten ere, Bikain ziurtagiria jaso duten udal guztiak dira UEMAko kideak.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzak nabarmendu zuenez, ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko ehun lagunetik gora aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko), “bakoitzak duen onena erakundearen esku utziz, euskararen kudeaketa, presentzia eta erabileran hobetzen laguntzeko”. Guztira, Bikain ebaluazio klubean 750 pertsona daude, sektore eta lan alor askotarikoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten 5 udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAren laguntza izan dute aurten ere.

UEMAko gainerako udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, batzuk soilik hautatu dira 2019an ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz. Iaz, UEMAko bederatzi udalek jaso zuten urrezko Bikain ziurtagiria: Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta, Itsasondo, Irura, Tolosa, Otxandio eta Zestoako udalek.

Ekitaldiaren laburpen bideoa:
Iturria: Eusko Jaurlaritza

Ekitaldiaren argazkiak:
labur.eus/bikain2019 (iturria: Eusko Jaurlaritza).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.