Hasiera » Zehaztu gabe » Eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko jarraibideak ematen hasi da UEMA udaletako teknikariei, Eusko Jaurlaritzarekin batera

Eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko jarraibideak ematen hasi da UEMA udaletako teknikariei, Eusko Jaurlaritzarekin batera

· Proiektu zehatzek udalerrietan izan dezaketen eragin linguistikoa legez aztertu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek, eta teknikariei jarraibideak ematen hasi dira UEMA eta Eusko Jaurlaritza.

· Eusko Jaurlaritzak laster argitaratuko du Udal Legea garatzeko dekretua, eta horrek zehaztuko ditu Udal Legeak jasotako artikuluak betetzeko izapideak zein izango diren.

· Gaur Bilbon hasita, hamar prestakuntza saio emango dituzte UEMAk eta Eusko Jaurlaritzak udaletako teknikarientzat, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko jarraibideekin. Aplikazioa sortu eta argitalpena ere plazaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratu du ‘Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa: jarraibideak’ izeneko gida.

Hirigintzak eta lurralde antolamenduak hizkuntzan duen eraginaz ohartuta, UEMAk, Kontseiluak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak abiarazi zituzten 2014 urtean.

Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea izeneko lehen jardunaldi haietan, lurralde antolaketaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana estua dela eta hirigintza proiektuek eta beste hainbat proiektuk Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) moduko azterketa baten beharra dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.

2015eko Lurraldea eta Hizkuntza 2. jardunaldietan (Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak) ELE tresna horren lehen bertsioa aurkeztu zuen UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Euskalgintzak eta erakunde publikoek ere bat egin zuten gaiak duen garrantzia nabarmentzerakoan, eta ELEk lege izaera ere hartu zuen 2016an, apirilean EAEko Udal Legea onartu zenean. Izan ere, Udal Legeak lege babesa ematen dio Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari, hirigintza planek edo gainerako proiektuek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarrita (ikus albistea: Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek). 

Ondoren,  gaiaren lanketa akademikoari jarraipena emanez, ELE tresnaren etorkizuna aztertu zen III. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. Bertan, esperientzia zehatzak aurkeztu, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartu, eta ELE tresna legean txertatzeko moduak aztertu zituzten UEMAk eta erakunde antolatzaileek.

Herri baten egoera soziolinguistikoan eragin dezakeen edozein proiektuk ELE bezalako tresna ezinbestekoa dutela ikusita, udal arkitektoak, teknikariak eta gaian interesa duten gainerako profesionalak, euskaltzaleak eta ikasleak formatzeko beharra agerian geratu zen, herrietan eta proiektuetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa modu zehatz eta profesionalean egin ahal izateko. Horretarako, Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa titulua sortu zuen EHUk, eta graduondokoa eskaini zuen 2017-2018 ikasturtean.

Graduondoko horretan irakasle lanetan aritu Miren Segurola UEMAko koordinatzailea eta Goizane Arana UEMAko teknikaria, eta bien artean landutako ELE tresnaren bertsio zehatza eta berritua aurkeztu zuten (hemen albistea: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna berria aurkeztu du UEMAk ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ graduondokoan).

Udal Legea garatzeko dekretua laster argitaratuko da,
legearen artikuluak betetzeko izapideekin

2016an EAEko Udal Legea onartu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek legez egin behar dute eragin linguistikoaren ebaluazioa, proiektu zehatzek herriaren egoera soziolinguistikoaen izan dezaketen eragina neurtzeko eta beharrezkoa balitz neurri zuzentzaileak hartzeko.

Legean jasota dagoena zehazte aldera, hurrengo asteotan argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak Udal Legearen garapen dekretua. Dekretu proiektua izango da. Zehazki, “Euskadiko toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa”. Dekretu horrek zehaztuko ditu Udal Legeak jasotako artikuluak betetzeko izapideak zein izango diren.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari dagokionez, metodologia ez da zehaztuko dekretuan, baina UEMA aitzindaria izan denez alor honetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak azken hilabeteotan eskuz esku landu du gaia UEMArekin. Eusko Jaurlaritzako eta UEMAko teknikariek, elkarrekin, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko urratsak adostu eta bateratu dituzte, eta aplikazioa sortu dute udalen esku uzteko.

Udalentzako prestakuntza saio praktikoak, gaurtik aurrera

Honek guztiak udaletan izango duen eragina jakinarazteko hiru aurkezpen egin dituzte UEMAk eta Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteotan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Gaurtik aurrera, berriz, aplikazioaren eta ELE egiteko jarraibideen inguruko formazioa ematen hasi dira, udaletako teknikarientzat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahalik eta udal teknikari eta hautetsi gehienengana heltzea da asmoa, eta horretarako honako egunetan eta herrietan izango dira prestakuntza saioak:

· Bilbo: urriak 10.
· Azpeitia: urriak 11.
· Donostia: urriak 15.
· Gasteiz: urriak 16.
· Bergara: urriak 17.
· Tolosa: urriak 18.
· Donostia: urriak 19.
· Markina-Xemein: urriak 21.
· Durango: urriak 22.
· Iruñea: urriak 31.

Lege izaera EAEn soilik baldin badu ere, Nafarroako zenbait erakundek, udalek eta teknikariek ere interesa agertu dute hasieratik Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren inguruan. Baztango Udalak eta UEMAk, esaterako, Lekarozen Aroztegiaren proiektuak izango lukeen hizkuntza eragina ebaluatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko azterketa egin zuten bere garaian. Orain, gaiak duen garrantzia ikusita, Nafarroako Teknikarien Sarearen ekimenez, Udako Euskal Unibertsitateak ere prestakuntza saioa antolatu du Iruñean. Gainerako saioetan bezala, UEMAko teknikariak ariko dira Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko jarraibideak ematen.

UEMAko teknikari Goizane Arana, gaur, Bilbon, udaletako teknikarientzat antolatutako prestakuntza saioan azalpenak ematen.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna berria aurkeztu du UEMAk ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ graduondokoan (uema.eus, 2017-05-15).
· Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa graduondokoa (EHUren titulua).
· Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek (Berria, 2016-04-14).
· Lurraldea eta Hizkuntza, III. jardunaldiak (uema.eus, 2016-04-12).
· Hizkuntza eta lurralde antolaketa. Zer gertatzen da herri euskaldunean mila etxe eraikiz gero? (Argia, 2014-04-06).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.