Hasiera » Zehaztu gabe » Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du UEMAk aurten ere, udalekin eta erakunde publikoekin elkarlanean

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du UEMAk aurten ere, udalekin eta erakunde publikoekin elkarlanean

Heldu da 2018ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia eta, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere. Gaur egun herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela kontuan hartuta, horri eman zaio aurten ere garrantzia. Bizkaian, oraindik ere herritar askok errenta aitorpena banku eta aurrezki kutxetan egiten duenez, horietan eragiteko neurriak adosten ari da UEMA finantza erakundeekin.

Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dute UEMAk, udalek eta beste hainbat erakunde publikok.

Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.

Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Errenta aitorpena egiteko hainbat modu daude, eta lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin lortu nahi dena. Batetik “datuetan ere islatu dadin udalerri euskaldunetan euskaraz bizi garela”, eta bestetik “administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko”.

Bizkaian, errenta aitorpena egiteko modu erabilienetakoa finantza erakundeen bulegoetara jotzea da. Horregatik, UEMAk zenbait finantza erakunderekin duen hitzarmenaren baitan, herritarrei errenta euskaraz egin dezaketela gogorarazteko berariazko neurriak adosten ari da UEMA finantza erakunde horiekin.

Ohi bezala, kanpainarako prestatutako material grafikoa, udalen, erakunde publikoen eta euskara talde edo elkarteen eskura jarri du UEMAk.

Hemen ikusi eta eskuratu daitezke kartelak, euskarriak, irudiak eta gainerako azalpen-orriak:
· Errenta aitorpena euskaraz (2019ko kanpainarako materiala).

Tartean daude errenta aitorpena egin daitekeen lekuetan jartzeko euskarriak ere, udalen webguneetarako gif animatuarekin batera.


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu du UEMAk aurten ere (Europa Press, 2019-03-25).
· Errenta aitorpena euskeraz egiteko deia egin dau UEMAk (bizkaie.eus, 2019-03-26).


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.