Hasiera » arnasguneak » UEMAko kide izatea erabaki du Igorreko Udalak

UEMAko kide izatea erabaki du Igorreko Udalak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen atzo Igorreko Udalak, maiatzeko udal osoko bilkuran. Gaur egun, 83 udalek osatzen dute UEMA, eta 84. udala izango da Igorre, larunbat honetan egitekoa den UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. 


[Arratia eskualdeko herri jendetsuena da Igorre, 4.108 biztanlerekin].

2013an argitaratutako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak %75,28 dira Igorren. Oro har euskaraz bizi dira Igorren, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 2001-2011 urteen artean 5,4 puntu egin baitzuen behera euskararen ezagutzak. Erabilerari dagokionez, euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua %50,3 da gaur egun. 2001n, aldiz, %61,2 zen. 

Igorre, Bizkaia erdialdeko udalerria da. Arratia eskualdeko jendetsuena, zehazki. Iaz, 4.108 biztanle zituen erroldan. 2015eko udal hauteskundeetan, EH Bildu koalizioaren zerrendak gehiengo osoa eskuratu zuen, sei zinegotzirekin. EAJk, berriz, bost zinegotzi eskuratu zituen. Igorreko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide bihurtzea, zehazki, hauteskunde programan iragarri zuen EH Bilduk. Hauteskunde haietan gailendu eta bi urtera bideratu du erabakia, atzoko udal osoko bilkuran. EAJren bost zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren gai honetan.


Larunbat honetan, UEMAren batzar nagusia, Zestoan

UEMAk urtarrilean egin zuen azken batzar nagusia, Larrabetzun, eta batzar hartan onartu zituen udal berrien eskaerak. Orain, urte erdia igarota, urteko bigarren batzar nagusia egingo du, larunbat honetan, 10:00etan, Zestoako bainuetxean. Batzar horretan UEMAra sartzeko udal berriek egindako eskaerak aztertuko dira. Zehazki, Gabiria eta Igorre izango dira UEMAko herrietako ordezkariek onartu beharko dituzten herri berriak.

Bi herri hauek sartuta, guztira 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren 84 herrien artean. Agintaldi honen hasieran 72 udal ziren UEMAko kide [Ezkio eta Itsaso banandu egin dira ordudanik]. Azken bi urteotan, berriz, 11 herri gehiagok erabaki dute UEMAko kide izatea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Errezil eta larunbat honetatik aurrera kide izango diren Gabiria eta Igorre. 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAko kide izango dira Gabiria eta Igorre larunbatetik aurrera (berria.eus, 2017-06-05).
· UEMAko kide izango dira Igorre eta Gabiria (bizkaie.eus, 2017-06-07).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.