Hasiera » udalak » Ainhoa Zuluaga: “UEMAn sartzeak are babes handiagoa emango dio euskararen aldeko gure konpromisoari”

Ainhoa Zuluaga: “UEMAn sartzeak are babes handiagoa emango dio euskararen aldeko gure konpromisoari”

Igorreko Euskara, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi Ainhoa Zuluagak atzoko udal osoko bilkuran esandakoa da honakoa:

“Gaur egun, zalantzarik ez dago normalizazioa lortzeko ezinbestekoa dela euskeraren arnasguneak zaintzea, euskaraz normaltasun osoz bizitzeko aukera ematen duten guneak babestea eta horiek bultzatzea. Igorre, duen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, euskararen arnasgunea da eta Igorreztarrok berori babestu eta bultzatzeko erantzukizuna dugu.

Igorren, 2003tik martxan da helburu hori lortzeko euskara plana, eta 2015-2017 urte bitarteko planean jasota dago, hain zuzen ere, arnasgunearen ideia. Euskaldun aktibo izateko, hau da, Igorreztarrak ahalmentzeko sentsibilizatzea eta kontzientziatzea lehentasunezko helburu bihurtu dira, eta horretan ari gara lanean. Elebitasuna gainditu eta euskara hutseranzko saltoa egitea gakoa da gaur egun. Izan ere, ez dugu ahaztu behar egoera desberdinean dauden hizkuntzak berdin tratatzean, egoera minorizatuan dagoena kaltetzen dugula.

 UEMAk Igorren -herriari begira, zein udal barrura begira- zehaztuta ditugun helburuak jasotzen ditu bere baitan, norabide horretan lan egiten du, eta helburu hori lortzeko bitartekoak eskaintzen ditu. UEMAn sartzeak are babes handiagoa emango dio gure planari, eta Igorreztarrok eta guk politikariok badugu gure euskara planari babes handiagoa emateko erantzukizuna, gizartearekin hartuta dugun konpromisoa da. Igorreztarrekin hartuta dugun konpromisoa da, politikariok gure esku dagoena egingo dugula euskararen normalizazioa lortzeko eta UEMAn ez sartzea -sartzeko ezaugarriak ditugunean- pauso bat atzera egitea da, eta gure konpromisoa ez betetzea.

 2003tik garatu diren euskara plan guztiak aho batez onartu ditugu beti Igorreko politikariok, eta kontuan hartu behar dugu gure euskara plana bat datorrela UEMAk zehaztuta daukanarekin. Egongo dira ados ez daudenak, euskara plana martxan denetik ere egon direlako ados egon ez direnak. Horien aurrean, beti tentuz jokatu izan dugu, baina gure helburua alboratu barik.

Argi izan behar dugu erabaki politikoa dela, udaleko beste edozein gairen moduan, politikariok erabaki behar dugu zer den gure herriarentzat onena eta alde horretatik zalantzarik ez dago UEMAn sartzeak onurak baino ez dizkiola ekarriko gure herriari. Euskararen normalizazioan lagungarria dena egingo genuela esan genien gure herritarrei, eta UEMA lagungarria da.

 UEMAri bilguneak ematen dio duen indarra, herri euskaldunak elkartuta egoteak udalaz gaindiko pausoak emateko gaitasuna ematen dio, aukera ematen dio udalak dituen eskumenetatik harago eragiteko. Eta horretarako bide bakarra sendoa izatea da, udalerri euskaldunak bat hartuta joatea. Horren aurrean ere, Igorrek ezin du beste alde batera begiratu eta ez eragin, Euskal Herri mailan ere badugu-eta modu bateratuan eragiteko erantzukizuna”.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.