Hasiera » Administrazioa » Mediku euskaldunen ordezkapenak egiteko euskararik ez dakiten medikuak kontratatu ditu berriro Osakidetzak

Mediku euskaldunen ordezkapenak egiteko euskararik ez dakiten medikuak kontratatu ditu berriro Osakidetzak

Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Segurako udalen eta UEMAren oharra:

Mediku euskaldunen ordezkapenak egiteko euskararik ez dakiten medikuak kontratatu ditu Osakidetzak, herritarren hizkuntza eskubideak urratuz eta osasun zerbitzuaren kalitatea nabarmen kaltetuz

azpeitia osakidetza
[ Azpeitiko osasun etxean euskararik ez dakiten medikuak kontratatu ditu Osakidetzak, bi familia medikuren ordezkapenak egiteko, eta beste hainbat herritan ere antzekoa gertatu da].

Behean sinatzen dugun erakunde publikook eta eragileok gure desadostasuna adierazi nahi diogu Osakidetzari Aulestiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Segurako osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena izan duen eta, ondorioz, herri hauetako biztanle guztioi zuzenean eragin digun erabakiak hartu dituelako.

Hainbat izan dira ezinegona sortu diguten erabakiak. Batetik, Azpeitian, bi familia mediku euskaldunen ordezkapenak egiteko, euskararik ez dakiten bi mediku kontratatu dira. Euskararik ez dakiten mediku hauek, gainera, Azpeitian ez ezik, Errezilen eta Urrestillan ere ematen dute zerbitzua. Azkenaldian, gainera, ez da Osakidetzak Azpeitian euskaldunon eskubideak urratzen dituen lehen aldia. Ekainean, euskararik ez dakien pediatra bat ere kontratatu baitzuen. Horiek horrela, azpeitiarroi euskaraz artatuak izateko zailtasunak areagotuko zaizkie aurrerantzean. Bestetik, beste zenbait herritan bezala, Aulestin eta Seguran ere lanposturako euskara betekizunak saihestuz euskararik ez dakiten medikuak kontratatu ditu azken asteotan Osakidetzak.

 Hainbat arrazoirengatik iruditzen zaizkigu kezkagarriak Osakidetzak hartu dituen erabaki hauek:

 – Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin eginda, Aulestiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Segurako herritarron hizkuntza eskubideak urratu ditu Osakidetzak.

 – Osakidetzak ez ditu kontuan herritar euskaldunak, ezta gure herrietako errealitate soziolinguistikoa ere, inolaz ere.

 – Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Segura euskararen arnasguneak dira, eta bertan erdara nagusi den eremuak sortu ditu Osakidetzak, bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez. Bertako herritarren ehuneko handi bat euskalduna da. Euskara nagusi izanik, euskararen arnasgune indartsuak dira gure herriak.

 – Kalitatea da Osakidetzaren helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan hizkuntzari lotuta dago. Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi zuen moduan, osasun langileen eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da. Kontraesankorra, beraz, hartutako erabakiekin. Aste honetan bertan EHUren udako ikastaroetan hizlari izan den eta nazioartean hizkuntza eta osasungintza uztartuz erreferentea den Gwerfyl Roberts galestarrak nabarmendu duen moduan, “zerbitzua pazientearen hizkuntzan ematea da kalitatearen gakoa”. Horri uko eginez, Osakidetzak nabarmen kaltetu du gure herrietako osasun zerbitzua.

 Arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere.

 Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik, eta ondorioz trataera berezia behar dute: bertako errealitate soziolinguistikoan eragiten duten faktoreak zaindu egin behar dira. Beste hainbat arlotan bezala, hizkuntzari dagokionean ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu behar dira.

 Egoera honen aurrean gure kezka eta ezinegona adierazi nahi dugu. Hori horrela, orain arteko erabakiak berrikusi, eta lanpostu hauetan lehenbailehen mediku euskaldunak jartzeko eskatu nahi diegu Osakidetzako arduradunei. Aulestiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Segurako herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu eta, beraz, zor zaigun begirune eta errespetuarekin jokatu dezala eskatzen diogu Osakidetzari.

Aulestiko Udala
Azpeitiko Udala
Errezilgo Udala
Segurako Udala
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea
Natul Azpeitiko Euskara Taldea

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk salatu du Osakidetzak euskararik ez dakiten medikuak kontratatu dituela Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Seguran (Europa Press, 2016-07-07).
· Bi mediku erdaldunek egingo dituzte udako ordezkapenak Azpeitian eta Errezilen (Urola Kostako Hitza, 2016-07-07).
· Ordezkapenak egiteko euskaraz ez dakiten medikuak hartu ditu Osakidetzak (berria.eus, 2016-07-07).
· Aulesti, Azpeitia, Errezil eta Seguran mediku ez euskaldunak kontratatu dituztela salatu dute (naiz.eus, 2016-07-07).
· UEMAk salatu du Osakidetzak mediku erdalduna kontratatu duela Aulestirako (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2016-07-07).
· Osakidetzak mediku erdaldunekin ordezkatu ditu euskaldunak (Argia, 2016-07-07).
· Mediku euskaldunen ordez, euskararik ez dakitenak (El Diario Vasco, 2016-07-07).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.