Hasiera » Administrazioa » EAEko Auzitegi Nagusiak behin betiko epai irmoa eman du aktak euskara hutsean bidaltzea zilegi dela ebatziz

EAEko Auzitegi Nagusiak behin betiko epai irmoa eman du aktak euskara hutsean bidaltzea zilegi dela ebatziz

· Honekin behin betiko amaitzen da gai honek epaitegietan egin duen bidea, oraindik zabalik dauden gainerako epaiak ebazteko irizpidea ezarri duelako EAEko Auzitegi Nagusiak.
· Urriaren amaieran ere Irurako Udalaren aldeko epaia eman zuen, aurrekaria sortuz. Orain, Aramako Udalaren aldeko epaiarekin, behin betikoa da epai irmoa.
· Auzitegi Nagusiaren behin betiko epai irmoa zetorrela jakinda, Carlos Urkijok, pasa den astean, atzera egin zuen udalen aurkako hainbat auzitan.

Aurreko agintaldian, euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia garatu zuten dozenaka udalen aurka epaitegietara jo zuen Carlos Urkijok, Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkariak, hainbat arrazoirengatik. Argia aldizkariak egindako zerrenda honetan ageri dira guztiak. 

zerrenda                                                     (Iturria: Onintza Irureta. Argia aldizkaria, 2015-03-01)

Epaitegietako bide horretan, Eusko Jaurlaritzak ere esku hartu zuen, auzi batzuetan zenbait udalen alde eginez. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza juridikoak diktamena ere aurkeztu zuen, aktak eta udal osoko bilkuren laburpenak euskara hutsean egitea eta bidaltzea erabat legezkoa dela nabarmenduz. 2014ko uztailean, ordea, Bilboko Lurralde Auzitegiak Lekeitioko Udalaren aurka egin zuen, Espainiako Gobernu Ordezkaritzari arrazoia emanez, euskarazko aktak ondoan gaztelerazkoak dituztenean soilik direla legezkoak ebatziz. 

Bilboko Lurralde Auzitegiaren epai horren ondoren, Carlos Urkijok beste dozenaka udalen aurkako salaketak aurkeztu zituen, gehienak Gipuzkoan. Bertan, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, hiru aretotan banatu ziren auziak.

Lehenengo aretoak udalerri euskaldunetako udalei (Aduna, Antzuola, Usurbil, Leaburu…) eman zien arrazoia, eta Gobernu Ordezkaritzak ez zuen helegiterik aurkeztu. 

Hirugarren aretoan zeuden kasuetan, udalerri euskaldunen aldeko epaiak argitaratu ziren: Arama, Beizama, Gaintza, Amezketa, Bergara, Elgeta… Epai horiek, udalek euskara hutsean aritzeko eskubidea dutela nabarmendu zuten, eta abokatuen eta prokuradoreen ordain-sarien kostak ere ordaintzera zigortu zuten Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza. Honek helegitea aurkeztu zuen kasu guztietan, EAEko Auzitegi Nagusira joz.

Hala ere, eta hirugarren aretoan udalerri euskaldunen aldeko epaiak plazaratzen ari zirela ikusita, bigarren aretoan zeuden epaiak (Oiartzun, Oñati, Orexa, Lizartza…) behin-behinean gelditzeko eskatu zuen Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, EAEko Auzitegi Nagusiak gai honen inguruan hitz egin arte. Bigarren aretoak, eskaera aintzat hartu, eta epaiak behin-behinean eten zituen, Auzitegi Nagusiaren epai irmoa heldu arte, behin hau heltzean, horren arabera ebazteko eskuetan dituen auziak.

Pasa den astean, Carlos Urkijok atzera egin zuen bigarren aretoan etenda zeuden epai guztietan, nahiz eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epairik ez zen heldu oraindik. Pasa den ostiralean, ordea, udalerri euskaldunetako abokatuek EAEko Auzitegi Nagusiaren epai irmoa jaso zuten, Aramako Udalaren aldeko auzian, aktak euskara hutsean bidaltzea erabat legezkoa dela nabarmenduz. Epaiaren argudio nagusia da euskara ofiziala dela EAEn, eta Euskararen Legeak euskaraz jakitera behartzen duela administrazio publikoa, eta Espainiaren Gobernu Ordezkaritza ez dela ari hori betetzen, dokumentazioa gaztelera hutsean bidaltzea bezain legezkoa delako euskara hutsean bidaltzea. Administrazio publikoak, Euskararen Legea onartu zenetik urte asko igaro direnean (10/1982), euskaraz aritzeko eta euskarazko dokumentazioa ulertzeko bitartekoekin hornituta egon behar duela, alegia.

Hemen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, osorik, bere horretan:
· Aramako Udalaren aldeko epai irmoa (EAEko Auzitegi Nagusia, 2016-06-03).

Estatuak EAEn dituen administrazio publikoek bertako hizkuntza ofizialetako bat (kasu honetan, euskara) kontuan ez hartzea, eta hizkuntza horretan aritu ahal izatea ez bermatzea, “paradoxikoa baino gehiago” litzatekeela dio EAEko Auzitegi Nagusiak: “legearen inguruko benetako zentzugabekeria”. 

sententzia-paradoxa
Arrazoi hauekin, EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egiten du Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren helegitea, Donostiako Lurralde Auzitegiak Aramako Udalaren aldeko epaia eman ondoren jarritakoa, eta helegiterik onartzen ez duen epai irmoa ematen du.

Honekin, Irurako Udalaren alde emandako epaiarekin zabaldutako aurrekaria osatu, eta behin betiko amaitutzat ematen da euskarazko akten harira udalerri euskaldunetako udal askok epaitegietan egin behar izan duten bidea. Izan ere, Donostiako Lurralde Auzitegiko bigarren aretoan behin-behinean etenda geratu ziren auzietarako irizpidea ezarri du EAEko Auzitegi Nagusiak eta, beraz, hurrengo egunetan irizpide honetan oinarritutako epaiak helduko dira, udalerri euskaldunen alde, hauen abokatuek nabarmendu dutenez.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Josu Labaka lehendakariaren hitzetan, “askotan aipatu izan dugu epaitegietatik atera behar dugula euskara, eta benetako lege babesa behar dugula euskararen aldeko politika aurrerakoiak egiteko. EAEko Udal Legea aurrerapauso garrantzitsua da horretan, eta antzeko lege babesa behar dute Nafarroako udalek ere. Lege babes hori gabe, auzitegi, epaile eta areto ezberdinetan haizeak nondik jotzen duen zain egon behar izan dugu urte askoan. Orain, oztopoz betetako bide luze honi amaiera ematen dion behin betiko epai irmo hau, benetan albiste ederra da. Benetan zoriondu nahi ditugu, oztopo guztien gainetik aurrera egin duten udal guztiak,  euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu eta euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak, udala ere herriko egoera soziolinguistikoaren isla bilakatuz”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· EAEko Auzitegi Nagusiak aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko epai irmoa eman du, lehen aldiz (uema.eus, 2015-10-30).
· EAEko Auzitegi Nagusiak aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko epai irmoa eman du (berria.eus, 2015-10-30).
· EAEko Auzitegi Nagusiaren lehen epaia: aktak euskaraz zilegi dira (argia.eus, 2015-10-30).
· Aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko lehen epai irmoa (eitb.eus, 2015-10-30).
· Aktak euskara hutsean bidaltzea ontzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiak (naiz.eus, 2015-10-30).
· EAEko Auzitegi Nagusiak aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko epai irmoa eman du lehen aldiz(europapress.es, 2015-10-30).
· EAEko Auzitegi Nagusiak aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko epai irmoa eman du lehen aldiz (deia.com, 2015-10-30).
· Aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko lehen epai irmoa (diariovasco.com, 2015-10-30).
· EAEko Auzitegi Nagusiak aktak euskara hutsean bidaltzearen aldeko epai irmoa eman du, lehen aldiz(Tolosaldeko Ataria. ataria.info, 2015-10-30). 
· Euskaraz bai, baina ondoan gaztelania badu (Argia, 2015-03-01).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.