Hasiera » UEMA » Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkaritza zabalarekin ospatu du UEMAk 25. urteurrena

Euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkaritza zabalarekin ospatu du UEMAk 25. urteurrena

Gaur 25 urte sortu zen UEMA, 19 udalerri euskaldunek Aizarnazabalen egindako batzarraren ostean. Gaur, 25 urte geroago, egun eta leku berean ospatu du urtemuga Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Aizarnazabalen egin duen ekitaldi instituzionalean. UEMAren sorrerako garaiak ez ezik, 25 urtean egindako bidea eta UEMAren historia gogoratu dute ekitaldian.

Photo 5-5-16 19 12 38

ekitaldia1-800
UEMA euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen, 32 udalek Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu ondoren, 1988an. Udal horietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko, eta honela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko ere bihurtu zen UEMA. Gaurko ekitaldian nabarmena izan da UEMAren izaera, euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkaritza zabala izan baita ospakizun ekitaldian.

Elkarte eta erakunde ugarik egin nahi izan dute bat gaur UEMArekin, 25. urteurrena ospatu eta egindako lana eta bidea aitortzeko. Besteak beste, Nafarroako Gobernuak (Xabi Lasa Nafarroako Toki Administrazioaren zuzendari nagusia eta Mikel Arregi, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria), Eusko Jaurlaritzak (Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria), Gipuzkoako Foru Aldundiak (Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria), EUDELek (Mikel Pagola Urnietako alkate, Batzorde Eragileko kide eta euskara gaietarako arduraduna), Udalbiltzak (Xanti Kiroga zuzendaria), Euskal Herriko Unibertsitateak (Iñigo Urrutia), Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak (Paul Bilbao, Iker Salaberria, Zigor Etxaburua), Hizkuntz Eskubideen Behatokiak (Garbiñe Petriati zuzendaria), AEK-k (Mertxe Mugika koordinatzailea  eta Asier Amondo Korrikako arduraduna) bidali dute ordezkaritza gaurko ekitaldira.

Berria taldeko Martxelo Otamendi eta Iban Arregi, Garabide elkarteko Txema Abarrategi eta Maddi Iñarra, Katxiporreta kooperatibako Joxemari Agirretxe, LAB sindikatuko Edurne Larrañaga edo Sortzen Ikasbatuaz-eko Bego Bitorika ere bertan izan dira. Baita hainbat alderditako ordezkariak ere. Tartean, EH Bildu koalizioko (Rebeka Ubera, Josu Larrea, Garbiñe Zurutuza, Xabier Isasi, Asier Imaz), EAJko (Nekane Iribar, Josetxo Mendizabal, Mikel Pagola) edota Podemos Ahal Dugukoak (Alicia Garcia eta David Guirado).

Horien guztien artean izan dira UEMAren 25 urteko ibilbidean lehendakari izan diren hainbat lagun ere: Kontxi Gabantxo, Mikel Illarregi, Antton Iztueta, Jon Bollar eta Maren Belastegi, urte horietan guztietan UEMAko zuzendaritza batzordekideak izan diren beste alkate eta hautetsi askorekin batera. Alkateak eta udal ordezkariak aipatuta, nabarmentzekoa da bertan izan direla gaur egun UEMAko kide diren herrietako dozenaka eta dozenaka alkate eta udal ordezkari. Tartean, Aduna, Aizarnazabal, Antzuola, Arama, Atxondo, Aulesti, Baztan, Beizama, Bera, Berastegi, Elgeta, Etxarri Aranatz, Goizueta, Leitza, Mañaria, Munitibar, Mutriku, Muxika, Oñati, Orexa edo Usurbilgo alkateak.

Ekitaldian, UEMAren historia eta ibilbidea laburtzen duen bideoa (hemen ikusgai) erakutsi dute hasieran. Ondoren, Kontxi Gabantxo lehendakari ohi bermeotarrak Iñaki Arregiren ekarpena gogoratu du, 2010ean hildako euskaltzalea “UEMAren arima” izan zela nabarmenduz. UEMAk bereziki gogoratu nahi izan du Arregiren lana, UEMA sortu zenetik hil zen arte bera izan baitzen koordinatzailea. Ekitaldiko unerik hunkigarrienak izan dira, eta Arregiren alargunak eta alabak jaso dute UEMAk emandako oroigarria. Imanol Epelde musikariak Etxepare Rap ikuskizunerako sortutako ‘Euskal Herrian euskaraz’ abestia kantatu ondoren, UEMAko gaur egungo lehendakariak hartu du hitza. Ondoan izan ditu 25 urte hauetan ere UEMAko lehendakari izan diren hainbat lagun, gaur egungo zuzendaritza batzordekide guztiekin batera. Horien guztien babesarekin, UEMA inoiz baino beharrezkoagoa nabarmendu du Josu Labakak, “udalerririk euskaldunenak ere erdalduntzen ari zaizkigunez ezinbestekoa delako hauek berariaz zaindu eta babestuko dituen hizkuntza politika”. 

“Euskaraz gara gu. Euskaldunak gara, eta euskaraz irudikatzen dugu biharko Euskal Herria” adierazi du Josu Labakak; “Inoren zain egon gabe, beraz, gaur aritzen gara, biharko nahiko genukeena egiten. Herri baten iraupena bermatzeko ez ezik, garapena sustatzeko modua da. Herri honen garapen iraunkorra, hain zuzen ere, euskara erdigunean jarrita. Euskararik gabe, herri hau, gainerakoan, ez baita garatuko, eta herri honek, gainerakoan, ez baitu iraungo. Beste herriren bat izango da akaso, baina ez euskararen herria, ez Euskal Herria. Eta UEMAk euskararen herria maite du. Herri hau euskararen herria izaten segitzea nahi dugu. Horretan eman ditugu 25 urte. Udalak euskaldundu ditugu, herritarrak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko proiektuak sortu ditugu, lehen aldiz hezkuntza proiektu integrala abian jarri dugu, eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna sortu dugu, eta EAEko udal legean lekua izatea lortu dugu, udaletako aktak euskaraz idatzi ahal izatea ahalbideratu dugu. Sasi guztien gainetik, eta oztopo guztien artetik, UEMAk lan egiten asmatu du, aurrera egin du, bidea zabaltzen, eta 25 urteko lanak izan duen garrantzia ikusarazi du. Atzo elkarrizketaren batean aipatu nuen bezala, tropelean aurrean doan txirrindulariari ematen dio haizeak. Eta horixe gertatu zaio, eta gertatzen zaio oraindik ere UEMAri. Baina egin beharreko bidea argi edukiz gero, ohorea da bidea zabaltzea. Beraz, eta beharrezkoa denez, Euskal Herria euskaldunaren bidean, tropelari tiraka segituko dugu”.

Ekitaldia, osorik, bideoan, Erlo Telebistari esker:

UEMAREN 25.urteurrena, ekitaldi instituzionala from Erlo Telebista on Vimeo.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Labaka: “25 urte geroago, gaurkotasun handiko erakundea da UEMA” (berria.eus, 2016-05-05).
· Elkarlana eskatu du UEMAk (Berria, 2016-05-06).
· UEMAk 25 urte: ez daitezen erdaldundu udalerri euskaldunenak (Argia, 2016-05-06).
· 25. urteurreneko ekitaldia egin du UEMAk Aizarnazabalen (Urola Kostako Hitza, 2016-05-06).
· UEMA, “tropelari tiraka” segitzeko prest (El Diario Vasco, 2016-05-06).
· Berria egunkariak azalera eraman du Aizarnazabalgo ekitaldia: ‘Euskararentzat, elkar hartuta’
berria-azala· Uema? Eudel (Mikel Peruarena, Berria, 2016-05-05).
· Zoru bat arnasguneei (Berria, 2016-05-05).
· UEMAren 25. urteurrena, PDFan:
Berria 2016-05-05 (5 orrialde)
Berria 2016-05-06 (2 orrialde)
· UEMA, 25 urte bidea zabaltzen (UEMAren sorrera, asmoak, eta 25 urteotako jarduna laburtzen duen bideoa).
· UEMA, 25 urte euskararen alde lanean (naiz.eus, 2016-05-10. Bideoa eta erreportajea).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.