Hasiera » epaitegiak » Ea UEMAn sartzearen aurkako helegitea jarri du Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak

Ea UEMAn sartzearen aurkako helegitea jarri du Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak

Espainiak EAEn duen Gobernu Ordezkaritzak Eako Udalaren aurkako helegitea jarri du, udala UEMAra sartu izana salatuz, horrekin udalak dituen eskumenak gainditzen dituela argudiatuta. Bere garaian Zeraingo eta Berastegiko udalek ere helegitea  jaso zuten, udal horiek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera sartzeagatik.

Zeraingo eta Berastegiko udalen aurkako helegiteak oraindik epaitegietan dabiltza, eta ez da horien inguruko epairik eman. Carlos Urkijok ezarritako helegitearen gainetik, ordea, hiru udalek UEMAk jarraitzeko erabakia irmoa dela berretsi dute.

Eako udal ordezkariak 2
[ EAko udal ordezkariak, Zarautzen, UEMAren batzar nagusiak Ea UEMAko kide izatea onartu ondoren, pasa den urtarrilaren 23an. Tartean, Iratxe Arriola alkatea eta Arritxu Zelaia alkateordea eta Euskara zinegotzia].

UEMAko lehendakari Josu Labakaren hitzetan “helegite honek, beste behin ere, agerian uzten du euskaraz bizitzeko eskubidea erabaki eta politika ausartekin bermatu nahi denean, oztopoak besterik ez ditugula oraindik. Euskararen arnasguneak bereziki zaintzeko lege babesa aldarrikatzen ari garenean, batzuk berariaz ari dira kolpatzen arnasgune horietako udalak, benetako bizikidetzaren aldeko hizkuntza politika egiten duten bakarrenetakoak izan arren”.

Eako Udalak 2015eko azaroaren 24an onartu zuen UEMAra sartzeko eskaera egitea. Behin Udalak erabakia hartuta, UEMAra bideratu zuten eskaria, eta honek urtarrilean Zarautzen egin zuen batzar nagusian onartu zuen Busturialdeko herriaren eskaera.

Ea, Natxitu eta Bedaroan euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da azken 30 urtean, baina hala ere udalerri euskalduna da Ea oraindik. Gaur egun, %77,1 da euskararen ezagutza indizea. Eako Udalak azaroan nabarmendu zuenez, “arnasgunea da, oraindik ere modu naturalean euskaraz egin daitekeelako, askorik pentsatu gabe. Belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du euskarak Ean”. Azken urteotako joerak, ordea, kezka sortu du herritarrengan eta udal ordezkariengan, eta horri erantzun nahi izan zioten UEMAra sartzeko erabakiarekin: “Orain bidegurutzean gaude, eta UEMAn sartzeko erabakiak datozen urteotako norabidean eragina izango du dudarik gabe.  Arnasgune izaera horri eusteko ahalegina egin beharrean gaude eta azken urteotako joerari buelta eman behar diogu”, nabarmendu zuen Arritxu Zelaia alkateorde eta Euskara zinegotziak.

“Horregatik erabaki dugu UEMAn sartzea, indar handiagoz ekiteko, elkarrekin indar handiagoa izango dugulako. Natxitu, Bedaroa eta Ea euskaldunak izaten jarraitu nahi dugu gerora, eta izango dira horrela nahi baldin badugu”.
 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAn sartzea onartu du Eako Udalak (uema.eus, 2015-11-25).
· UEMAko kide izanda, euskararen arnasgune izaerari eutsiko dio Eak (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2016-01-26).
· Ea UEMAko kide da dagoeneko (Emari, 2016ko otsaila).
· Urkijoren beste salaketa bat: Ueman sartzeagatik salatu du Uema (berria.eus, 2016-03-03).
· Ea UEMAn sartzearen aurkako helegitea jarri du Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak (Europa Press, 2016-03-03).
Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.