Hasiera » komunikazioa » Gaur 23 urte, Aizarnazabalen, sortu zuten UEMA 19 udalek

Gaur 23 urte, Aizarnazabalen, sortu zuten UEMA 19 udalek

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991. urtean sortu zen. Aulesti, Dima, Etxebarria, Gatika, Munitibar, Nabarniz, Lizartza, Ikaztegieta, Orendain, Baliarrain, Altzo, Abaltzisketa, Errezil, Aizarnazabal, Zaldibia, Leaburu, Muxika, Urdiain eta Arbizuko udalek sortu zuten mankomunitatea, hasiera hartan, biztanleen %80 gora euskaldunak ziren udalerriak biltzen ziren.

UEMA hiru helburu nagusiren baitan sortu zen, urte haietan, bizi zen errealitate soziolinguistiko, soziokultural eta sozioekonomikoari erantzunez adostu ziren. Helburu horiek oraindik ere mankomunitatearen helburuak izaten jarraitzen dute.

1. helburua: Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea.

Garai hartako testuinguru soziolinguistikoa. Laurogeiko hamarkadan hizkuntzen egoerak Euskal Herriko lurraldean euskararen galbiderako desoreka-egoera argia erakusten du. Euskara, berezko hizkuntza bada ere, oraindik menpeko agertzen da, ordezkatua eta minorizatua; erdara, berriz, hizkuntza hegemonikoaren posizioa eta funtzio nagusiak bereganatuak ditu.

Hala ere, urte horiek euskararen aldeko dinamiken loratzearen urteak dira. Euskararen berreskuratze-prozesuak gorpuztu eta areagotzen dira hainbat arlo nagusitan, ekimen egituratu eta esanguratsuen bidez. Euskararen aldeko gizarte mugimenduak jardun zabala eta eragilea erakusten du; administrazioan euskara sustatzeko azpiegiturak, politikak eta programak areagotzen dira; euskararen babeserako lege eta araudiak idazten dira. Eta gizartean euskararen premiaren sentimendua eta aldeko giro zabala nagusitzen da.

Testuinguru zabal horretan bazeuden Euskal Herrian errealitate partikular batzuk, baziren udal lurralde batzuk biziki euskaldunak zirenak. Udalerri euskaldun horietan euskarak berezko egoera naturala bizi zuen, eta bertako pertsonen sozializazioa eta komunitatearen izate kulturala euskaraz sortu, transmititu eta garatzen zen. Baina, hori horrela izanik ere, herri horietan egoera disfuntzionala gertatzen zen, gizarte bizitzaren arlo ez formaletan komunitatearen berezko kultur eta harreman hizkuntza euskara izanik, tokiko administrazio eta zerbitzu publikoen arlo formaletan euskara ez ezik, erdara agertzen baitzen hizkuntza hegemonikoa.

Eragileen kontzientzia, konpetentzia eta ekimen-gogoa. Lurralde-komunitate horietan bizi zen egoera disfuntzionalaren kontzientzia indartzen joan zen, eta desoreka horren aurrean gerora UEMA izatera iritsiko zen mugimendua gorpuzten hasi zen. Erdarak bereganatu zituen funtzioak euskararentzat berreskuratzeko helburuz.

Beraz, hortik UEMAren lehen helburua. Herri euskaldunak hala ziren izatez, eta hala izan nahi zuten eskubidez ere, osoki eta arlo guztietan.

2. helburua: Udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lur-gunea osatzea.

Euskaraz naturalki eta osoki biziko zen lur-gune bat egituratzearekin zer ikusia zuen helburua. Hau da, udalerri euskaldun guztien artean euskara nagusi izango zuen lur-gunea eratzea.

Biziraupena bermatua duten hizkuntza guztiek badute, bera nagusi den lurgunea bat, hizkuntza hori jaun eta jabe den gunea, baina euskaraz ez.  Hortik, sortzaileetako baten hausnarketa: «..euskarak lurralde bat behar zuela, lurralde bat euskaraz biziko zena euskarak iraun behar baldin bazuen. Alde horretatik, kontutan izan zen herri euskaldunek esfuertzo hori, lan hori egin behar genuela. Eta lurralde hori ahalik eta gehien zabaltzen joan, bestela hizkuntza difuminatuta gelditzen delako..»). Lur-gune bat, bertako hizkuntzaren sorkuntza eta baliakuntza naturalari eta hedatze funtzional erabateko eta orekatuari esker, erreferentziala bihurtuko litzatekeena Euskal Herrian maila globalean agertzen den desoreka linguistikoari kontrapisu bat jartzeko eta normalizazio orokorrari laguntzeko.

3. helburua: Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.

UEMAren sorreran, UEMAra bildu ziren udalak udalerri txikiak ziren batik bat. Zerbitzuz urriak, adinez nagusituak e.a. Hori dela eta, udalerri horiek jendez usteko arriskua bazutela ikusten zen. Eta noski, udalerri euskaldunak desagertuz gero, euskararen etorkizunari bide zaila geratuko zitzaion.

Hori horrela, UEMAk udalerri horien garapen sozioekonomiko eta soziokulturala bultzatzea izan zen eta da UEMAren 3. helburua.

Hiru xede horiek eta erronka bat: udalerri euskaldunek osatzen duten arnasgune linguistiko kulturalen lurralde-sarea osatzeari eta ahalmentzeari ekin ziotela.

23 urteko esperientzia

UEMAk 23 urte luzez, bereziki bere lehen eta bigarren helburu nagusiari begira egin izan du lan.

UEMArentzat, lehentasunezko lana bere partaide ziren udalen euskalduntzea izan da, eta lan handia eta aitzindaria egin du horretan. Udalen euskalduntzean eredu izan dira eta dira UEMAko udalerriak. Gainera, UEMArentzat garrantzia berezia du udalen euskalduntzeak, udalerrira begira, gainerako esparruen normalizazioaren eredu izan behar duelako hein batean, eta hizkuntzari dagokion prestigio ere ematen diolako.

Baina horrez gain, eta bereziki mankomunitateko udalik txikienei begira, UEMAk euskara zerbitzua ere eskaini du urte luze hauetan parte edozein udalentzako, eta zerbitzu hori ere urtez urte hobetzen eta esparru ezberdinetara zabaltzen joan da.

Eta horrez gain, UEMArentzat garrantzi handikoa izan da mankomunitatea sendotzen joatea, eta euskararen lur-gune hori gero eta handiagoa izan dadin urratsak ematea. Horrela, egun hego Euskal Herriko 161 udalerri euskaldunetatik 72 UEMAko udalerriak dira.

20. urteurrenean hasunarketa

UEMAk 20 urte bete zituenean, hausnarketa prozesu bat abiatu zuen, eta urte horietako esperientziatik hainbat ondorioa atera ziren:

–          Udalerri euskaldunetan oraindik bide luzea dago egiteko. Egunero-egunero euskaraz bizitzea galarazten duten koska asko aurkitzen baititugu.

–          Udalerri euskaldunak euskararen arnasguneak dira, baina ez daude arriskuetatik kanpo:

  • Udalerri euskaldunak bizirik mantendu behar dira. Eta horretarako garapen politika egokiak bultzatu behar dira.
  • Udalerri euskaldunetan, edozein esku-hartzek hizkuntzaren egoeran edo egoera soziolinguistikoan eragin dezake. Beraz, beharrezkoa da esku-hartze horiek neurtu eta neutralizatzeko bitartekoak jartzea.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.