Hasiera » Zehaztu gabe » Duhau: “Euskaltzale eta abertzale batzuek daramatzaten lanek ez dituzte bertze batzuek egin zentzugabekeriak gainditu ahal”

Duhau: “Euskaltzale eta abertzale batzuek daramatzaten lanek ez dituzte bertze batzuek egin zentzugabekeriak gainditu ahal”

Henri Duhauk (Beskoitze 1942) iritzi artikulua plazaratu du, Berrian. Bertan, hirigintzako proiektuek euskararengan duten eraginari buruz aritu da. Zehazki, Senpereko Herriko Etxeak 110 apartamendu berri eraikitzeko duen proiektua gelditzeko eskatu du, euskararentzat kaltegarria izango delakoan.

Iritzi artikulu osorik:

Sud-Ouest eta Femmes Actuelles agerkarien bidez egiaztatu da entzuna baina sinetsi ere nahi ez genuena, 2013ko abuztuan: Senpereko Herriko Etxea bertze bizileku berri andana baten egiterat eta saltzerat abian dela egundainokotan. Non eraikiko dituzten bizileku horiek? Herriko Etxearen lurretan, berriki laborari bati erosiak, «Larreko», kulturetxe hasi berriaren ondo-ondoan. Nori salduko dituzten? Nehungo kanpotarrari, itxura guzien arabera, publizitatea hedadura handiko kazeten bidez egiten dutenaz gero!

Berrogei urtez 2.500 arimetarik 7.000etarat doakigu herria. Lakuan, Euskal Herriko lotizamendurik handiena egin ondoan (300 etxe eta horietan zenbat apartamendu?), geroztik hainbertze lotizamendu, hainbertze etxe berri egin ondoan, denek ikusten ahal dugun Ibarrungo sakia begien bistan dugularik (150 bizileku) bertze bizileku erraldoi baten altxatzeko gogoa dute beraz, «Argi Eder» deiturik, autolekuak azpian, 3 estai gainean! Orotarat, 110 apartamendu!

Aspaldi hartu bide hitsari jarraikiz, azken urte hauetan, uholde baten pare, gure herriak azkarki arrotzez bete dira bereziki itsasalde huntan (Ahetze, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Bidarte, Beskoitze, Mugerre, Urruña, Uztaritze…). Kanpotarren olde hori, Estatuaren nahiz baina gure herrietako hautetsi askok errotik lauzkatzen dutena, goraki salatu genuen duela bi urte «Jabetasun auzi ahalkegarriak eta hirigintza bat eztabadagarria» deitu txostenean bai eta Enbatako artikulu batean (2011-09-15). Berriki, Senperen, kargu uzteak aipatu dituzte, etxegintza handiosari uko egin gabe haatik, orain aipatu dugun eraikuntza hortaz gain bertze bizpahiru lotizamendu bidean direla jakin baitugu azkenik…

Ezin sinetsia hau baita: hori guzia heldu zaigula euskal herrizale agertu nahi luketenen eskutik edo haien laguntzarekin. A, bistan da, egoitza sozialen beharra aipatuko digutela euskal hedabideetan, zenbait senpertar edo euskaldunen berenganatzeko. Aitzakia: nor izan daiteke egoitza sozialen kontra? Baina nork aipatzen ditu Iparralde huntan hutsik dauden 45.000 bizilekuak?!

Ikusi behar da ere eraikuntza berri neurrigabeko horietan, zenbait bakar direla egoitza sozialak, eta, beharrak aitzinduz, kanpotarra sarraraziz trumilka, euskaldungoa izorratzen dutela. Jadanik gutiengoa bilakatuak ginenak, are gehiago gutiengotzen gaituzte, berriz gehiengorat heltzeko amets guziak suntsituz. Eta nola bizi gaitezke euskaldungoarentzat egoera hobe bat amestu gabe? Bazter guziak kanpotarrez estaliz, kolonietan egiten duten bezala, frantses estatuko jakobinoek hizkuntza frantsesaz bertze guziak ahultzea bilatzen dute, emeki-emeki haien akabatzea helburu.

Gisa guziz, bazterrak samin: etxeko haurrek etxeko lurretan ezin eraiki baina Herriko Etxeak jendearen metatzeko eskubidea, eta gero euskaldunek haien erdian bizitzerat joan behar! Zinkurinek ez dute luzatuko: joan den hilabetean, 77 urteko herritar batek erran digu deplauki: «Ez gare gehiago Eskual Herrian!». Ez zezakeen hobeki erran. Dirudienez, hainbertze alorretan euskaltzale eta abertzale batzuek daramatzaten lanek ez dituzte bertze batzuek egin zentzugabekeriak gainditu ahal izan. Bertze hitzez errateko, ez gara gai izan, 50 urtez, euskal esperantza zabal baten pizteko jende adinekoaren baitan.

Kanpotar eta behartsu zenbaiten geureganatzea betidanik egin dugu Euskal Herrian, baina holako saldoan jendea erakarriz ez da gehiago lekurik ongietorriarentzat, zuhaurk zeure burua, zeure herrian, arrotz sentitzen duzunean! Funtsean, ez dabiltza batere zure ongietorriaren ondotik, bakar batzuez kanpo, bistan dena. Horiek hola, ez ahal dugu errate beharrik, ez goazela hemen kanpotarraren kontra, erabaki politiko batzuk ditugula gaitzesten bakar-bakarrik.

Orain, balio ote du galdera hau egitea: hemen Euskal Herria baldin bada nola euskaldundu etorkin horiek guziak, gehienek ez dutelarik euskararen ikasteko gogo mikorik? Dakigularik guhauren euskalduntzea eta euskaldun egotea zernahi gostako zaigula laneko moldeak beti eta gehiago bihurriagotzen ari zaizkigularik, gurutzamendu etengabe batean, hemengoak han harat doazelarik eta nonbaitekoak doblezka honat ingurumenak zoraturik-edo.

Hegoaldean, autonomia eta euskara ofiziala duten eremuetan ere, lanak dituzte gure hizkuntzaren erabilpena ezin zabalduz azken mendeetan sartu zaizkien espainiar multzo ikaragarriagatik, bertzeak bertze. Zer egin dezakegu beraz guk, Iparralde huntan, Lurralde Kolektibitate bat bera ere ukatzen digutenean? Diru publikoaz ikastola berrien eraikitzea debekatua zaigunean?

Ezin onetsia da beren buruen edertzeko ustez eraikitzen ari direla batzuk, diruaren tirriak darabiltzala bertzeak, euskaldungoaren geroa ateketan ezartzen dutela ohartu ere gabe. Ongi ulertua izan bedi gure iritzia: burujabetasun mikorik ez duguno, sail batzuk, itxuraz arras onak, funtsez gure euskararen eta gure nortasunaren kaltetan gerta daitezkeela. Gauza bera erran izan dugu bai turismoaz bai eta industrializazioaz ere.

Hil edo biziko hautuaren aitzinean gaude. Bereizten gaituzten ideologien gainetik elkarretaratzeko ordu gorria dukegu galdatzeko euskal hautetsiei, beren xede eta sail guzietan, eskaldungoari eman diezaioten lehentasuna, gostarik gosta, Estatuaren joko deitoragarrian partalier ez izateko, eta egun, lehenik eta bat, Senpereko Herriko Etxeari proiektu faraoniko horiek gelditzea.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.